Gorbeialdeko kuadrilla
Gorbeialdeko kuadrillak 494 km2ko azalera du gutxi gorabehera, eta 9.500 biztanle baino gehiago. Udalerri hauek osatzen dute: Aramaio, Arrazua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiak.
Udalerri bakoitzak bere biztanle-guneak ditu, eta gehienek dute Batzar Administratiboa. Hori horrela, Gorbeialdeko kuadrillak 6 udalerri ditu, guztira 70 biztanle-gune eta 53 kontzeju.
Aramaion, Oletak du Batzar Administratibo bakarra, beste guztiak herriguneak dira: Arexola, Azkoaga, Barajuen, Etxaguen, Gantzaga, Ibarra, Untzilla eta Uribarri.
Antolaketa: kuadrillak
Euskal lurraldeek, mendeetan zehar foruetan jasota dauden antolakuntza eta administrazio sistema propioak izan dituzte. Arabak lurralde antolakuntza sistema bitxia du joan den XVI. mende hasieraz geroztik. Nolanahi ere, beronen espiritu eta esanahiak, nahiz eta aldaketa asko jasan dituen, gaur egunera arte bizirik iraun du.
Aipatutako sistema kuadrilla edo taldeetan oinarritzen da. Kuadrillak, beste toki askotan eskualdetzat jotzen ditugun horiek izango genituzke. Kuadrilla organo instituzionala dugu eta bere helburua eskualde bakoitzaren interesak jaso eta ordezkatzean datza, bai antolakuntza aldetik, bai zerbitzugintza ikuspegitik ere. Bere organo kudeatzaileak presidentea eta kuadrillako batzarra dira.
Kuadrillen gaur egungo lurralde-egituraketa 1983koa dugu. Hori horrela, Arabako Lurralde Historikoan 7 kuadrilla bereizten dira: Agurain, Aiara, Añana, Biasteri-Errioxa Arabarra, Gasteiz, Kanpezo-Arabako mendialdea eta Gorbeialdea.
Informazio gehiago:
www.gorbeialdekokuadrilla.eus