Aramaio ezagutu

Aramaioarrak historian

[Francisco_de_Paula_Arillaga_y_[...]Quinet_Alexandre_btv1b8450665v

Francisco de Paula Arrillaga Garro

Iruñan jaio zen, 1846ko apirilaren 2an. Eta Madrilen hil zen 1920ko urtarrilaren 10ean. Mendi ingeniaria ikasi zuen. Ibilbide profesional luzea izan zuen: 1890an Geografia eta Estatistika Institutuko zuzendari izendatu zuten; Correos eta Telegrafos-eko zuzenaria izan zen; Ingeniari eta Arkitektoen Eskolako irakaslea ere bai; Arte eta Ofizioen eskolako komisario eta zuzendari…

 

Aramaiorekin lotura

Bere familiak etxea zuen Aramaion (oraindik ere familiak mantentzen du etxe hori, plazan bertan) eta Francisco de Paula Arrillaga uda pasatzen etortzen zen herrira.

Kontakizunak kontakizun, esaten da Alfonso XIII erregea Aramaiora etorri zela 1905 urtean, Francisco bisitatzera eta Kurtzetatik bailarara begira jarrita aipatu zuela: “Esto es como una pequeña Suiza”.

Aramaioko herriaren alde lan egin zuen, sare elektrikoa instalatzeko eta Kruzetako errepidea egiteko gestioak eginez. Hori guztia eskertzeko, Aramaioko Udalak 1909ko uztailaren 6an izendatu zuen seme kuttun.

Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.16.00

Jose Mari Velez de Mendizabal

Aramaion jaio zen, 1949. urteko irailaren 27an. Enpresa zientzietan (1972) eta ekonomikoetan (1978) lizentziaduna den arren, bere burua idazletzat du eta bizitzan zehar esparru horretan hainbat lan egin ditu.

1981ean Euskal Idazleen Elkarteko sortzailea izan zen, baita lehen idazkaria ere. Ondorengo urteetan (1983-1985), Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorde kargua bete zuen. 1985-1989 urte bitartean, Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakaria izan zen eta, 1994 urtetik 2010 bitartean, Eusko Ikaskuntzako gerentea izan da, erretiratu arte. 1974an lehendabiziko artikuluak argitaratu zituen, Zeruko Argian, Mendiaga ezizena erabilita. Ordutik hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, gehienak euskal kulturaren ingurukoak.

1998an, Euskonews aldizkari elektronikoa sortu zuen, eta bere zuzendaria da ordutik.

1998ko uztailaren 22an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.16.36

Sabin Salaberri

Aramaion jaio zen 1934ko abuztuaren 20an, kide ugariko sendi batean. Aramaioar gizarte txikitxo hartan aurki piztu zitzaion musikarako zaletasuna, lehen notak -normala den moduan- herriko organo jotzaileari esker ikasi zituelarik. Txikitatik, beraz, uztartu zituen eliza eta musika, eta bide horretatik abiatuta Gasteizko apaizgaitegira heldu zen, apaiz ikasketa egiteko asmoarekin. Baita ikasketak amaitu ere. Teologian Lizentziaduna da, Historia adarrean, eta “Vicente Goicoechea y Errasti, renovador de la música religiosa española” lanarekin lortu zuen titulua. Karrerako gaiez gain, ikasketa musikaletan barrena egin zuen gogoz eta goi mailako titulazioa erdietsi zuen, pianoan eta musika konposaketan. Bi ikuspuntutatik bizi du musika: batetik, musika konposatzen du eta abesbatzekin oso lotura sakona du, bai zuzendari izan delako, bai abestiak idazten dituelako. Bestetik, irakaslea ere bada eta bere lanari esker, gaur egun musikari apartak aurkitu daitezke.

Apaizgaitegiko “Schola Cantorum”-aren zuzendaria izan zen 1960tik aurrera. Gasteiztar lagun batzuek 1968an Araba Abesbatza sortu zuten eta Sabini eskatu zioten zuzendaritza artistikoa.

Hamazazpi urtez ere luzatu zen bere erlijioso-bizitza eta tarte horretan irakaskuntzan izan zuen ofizioa, apaizgai berriei klaseak ematen Gasteizen, eta apaiz izateari utzi zionean ere irakasle gisa ihardun zuen, lehendabizi arabar hiriburuko Olabide Ikastolan eta 1975etik Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Bertan, Carmelo Bernaola Gasteizko musika eskolako zuzendaria zela, ikasketa buru izendatu zuten Sabin.

2006an Urrezko Zeledoia eman zitzaion, Gasteiz hiriaren alde burutu lan eskerga errekonozituz.

1998ko uztailaren 22an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

450.Jesus_.Mari_.Elejalde.JMVM_

Jesus Mari Elejalde

Aramaioko Salturralde baserrian jaio zen 1935eko martxoaren 7an eta 2020ko otsailaren 20an hil zen. Lehen urteak Aramaion eman zituen apaiz eta ondoren Amerikara joan zen. Bere herrira itzuli zenean, erretore aritu zen. Fabrika batean ere lan egin zuen 10 urtez. Betidanik izan du Aramaio aipagai bere lanetan eta horren adierazle dira kaleratu dituen liburuak:

  • “Ermitas y caminos del Valle de Aramaiona” (1986).
  • “Aramaioko udaletxea” (1988).
  • “Ayer y hoy del Valle de Aramaiona” (1989).

Bestalde, hainbat artikulu idatzi ditu egunkari eta aldizkarietan.

1998ko uztailaren 22an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

puribarren

Patxi Uribarren

Aramaioko Etxaguen auzoko Uribarren baserrian jaio zen 1942ko urriaren 31n. Karmeldarra da. Filosofia eta Letretan lizentziaduna -tesi txikia egin zuen Aramaioko toponimiari buruz- eta Teologian lizentziaduna. Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile ofiziala izana da, 1983tik 2007ra arte. Euskararen aldeko jarduera anitzetan ibilia da. 1965ean, Gogoz aldizkaria abiatzen lagundu zuen eta zuzendari ere izan zen 1968ra arte. Garai hartan, Karmeloko euskal mezarako materiala prestatzen, ipuinak euskaratzen eta alfabetatzen-jardunean egin zuen lan, Santutxuko gau-eskoletako koordinatzaile izan zelarik hamabi urtez.

1976an Deustuko Irakasle Eskolan sartu zen eta euskararen irakaskuntza antolatzea izan zen bere eginkizunetako bat. 1978an ere euskal filologia eta euskal adarrak jartzeko ekinean parte hartu zuen.

HEZI Hezkuntza Zientzien Institutuaren eskutik, goi mailetako ikasleentzako udako ikastaro trinkoak prestatu zituen, baita titulurik gabeko irakasleentzako ikasketa egiteko bideak bultzatu ere.

Alfabetatze, dialektologia eta morfosintaxi klaseak eman ditu. ‘Bostak Bat’ kultur elkarteko sortzaileetariko bat da. Arabako Aldundiko Kultura Batzordeko kide, 1971ko udazkenean izendatuta.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1971n. Erakundean bertan, zenbait batzordetan parte hartu izan du, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan: Irakaslegoa, Lexikologia Erizpideen Finkapena (LEF), Onomastika, Alfabetatze-Euskalduntzea, Elebitasun Harremanak, Oinarrizko Euskara. Eta 2008an, berriz, aramaioarra euskaltzain oso izendatu zuten.

1998ko urriaren 14an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

 

esk-Mariano_Errasti_Ugarte_tokikom_200x200

Mariano Errasti Ugarte

Azkoaga auzoko Induspe baserrian jaio zen 1926an, eta 2021eko otsailaren 5ean hil zen. Bere bizitzaren parterik handiena Aramaiotik urrun igaro zuen. Frantziskotar egin eta 1950ean Arantzazun apaiztu zen. 1953az geroztik Karibe aldean bizi izan da: zortzi urte Kuban, hogeita bost Puerto Ricon eta hamaika Dominikar Errepublikan. 1950ean apaiz egin zen eta kazetaritza ikasi zuen Erroman. Kubara joan zen eta bertan, kazetari lanak egin zituen. Handik Puerto Ricora abiatu zen, baina ez kazetari moduan lan egiteko. Apaiz moduan ibili zen indigenei lagunduz. Handik Errepublika Dominikarrera joan zen bere laguntza txiroei eskaintzera.

Hainbat liburu eta poesia idatzi ditu:

  • “En la Habana ha muerto un turista”.
  • “América Franciscana”, bi liburuki.
  • “Viaje al otro Caribe”.
  • “Templo abierto al sol”.
  • “Los primeros franciscanos en América”.
  • “Eguzkilore”. Bere haurtzaroan, Aramaion, ezagututako nekazari giroko bizimodua azaldu nahi izan du liburuan.

2000ko maiatzaren 31ean Arramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.21.32

Pedro Pujana

Pedro Pujana Aramaion jaio zen 1915eko ekainaren 29an eta 2001ean hil zen.

Oleta uzoko Kortazarrena baserrian jaiotako apaiza eta euskal idazlea zen. 1944an apaiztu egin zen. Euskararen alde gogotik lan egin zuen eta 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta geroago, 1995ean, euskaltzain ohorezko. 2000. urtean, Bilboko Liburu Azokak omenaldia egin eta Urrezko Luma saria eman zion.

Gaztetan hasi zen euskarazko hainbat aldizkaritan kolaboratzen.

Besteak beste, Euzkadi, Zeruko Argia, Agur, Zer, Karmel, Kardaberaz edota Euskeratzaintza aldizkarien bidez zabaldu zituen hainbat urtez bere idazlanak. 1970ean eman zuen argitara bere lehen liburua, Euskal aditza bizkaieraz. 1977an bere sorterriko euskara aztertu zuen, Oletako euskal aditza libururako, eta 1979an Oletako euskal aditza/Flexiones hika del Valle de Leitz, del valle de Angiozar, Bergara, de Zeanuri y de la zona de Vitoria argitaratu zuen. Izan ere, Arabako jatorrizko euskara gehien eta sakonen aurkeztu duenetakoa izan zen.

Pedro Pujana. Itzultzaile gisa ere nabarmendu zen. Azken urteetan euskalgintzaren inguruko elkarte eta erakunde askoren esker oneko omenaldiak jaso zituen. 1995ean ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 1999. urtean Aramaioko Seme Kuttun izendatu zuen bere jaioterriko Udalak. Euskal Herriko argitaletxeek ere omen egin zioten 2000. urteko Bilboko Liburu Azokan, euskararen alde egindako lan oparoagatik, Urrezko Luma emanez.

1998ko urriaren 14an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.22.34

Maider Unda

Maider 1977ko uztailaren 2an jaio zen Gasteizen eta gaur egun Aramaioko Oleta auzoan bizi da. Urte askotan borroka libreko kirolean aritu da, maila profesionalean. Lehendabizikoz 2008ko Olinpiar Jokoetan hartu zuen arte. 10 aldiz Espainiako txapelduna izan da eta 2007an Munduko Txapelketan bosgarren postua lortu zuen, 72 kilo azpiko kategorian. 2009an brontzezko domina lortu zuen Herningeko munduko borroka txapelketan. 2012ko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen 72 kiloko borroka librean.

Elektronika ikasketak dituen arren, egun, artzain bezala lan egiten du eta Idiazabalgo jatorria duen Artzai Gaztaren ekoizlea da eta Oleta auzoan du artzaindegia.

2009ko azaroaren 25ean Aramaioko alaba kuttun izendatua izan zen.

30000252070

Pedro Ignazio Barrutia

Pedro Ignacio de Barrutia Aramaion jaio zen 1682ko uztailaren 3an eta 1759an hil zen. Aita Pedro Alonso de Barrutia y Salinas zen, arrasatear goi mailako sendi baten semea. Ama, berriz, Katharina Basagoitia Olabide, Aramaioko baserritar sendi txiro baten alaba. Gurasoek hemeretzi urte zituzten Pedro Ignacio jaio zenean. Ez dakigu ezer Pedro Ignacioren haurtzaroaz, ezta urte haiek non eman zituen ere. Gurasoak ez ziren inoiz elkarrekin bizi izan, aita erlijiosoa zelako -Salamancako Sancti Spiritus parrokiako bikario eta apaiz izatera heldu zen- eta ama gurasoen baserri ilunera betiko itzuli zelako. Aita gazte hil zitzaion, hogeita hamasei urterekin eta bere ondasun guztiak semearentzat utzi zituen testamentuan. Ama, aldiz, laurogei urte zituela hil zen, jaio eta bizi izan zen bezain pobrea.

Aitaren testamentutik kanpo Pedro Ignacioren gain dugun lehen albistea 1710ekoa da, bere burua Arrasateko Udalari eskaintzen dionean, udal eskribauaren karguaz jabetzeko. Eta eskaria onetsita, udal idazkaritza betebeharretan aritu zen Barrutia 1753ra arte. Tarte luze horretan esku zuzena hartu zuen Arrasateko bizimoduan, ez bakarrik udal kontuei zegokienez, beste hainbat esparrutan ere bai baizik. Beraz, 28 urteko gazte hezitua zen Barrutia Udaletxera heldu zenean. Non ikasi zuen? Hori ez dago, orain arte bederen, esaterik eta galde ikurrarekin segitu beharko du eskribauaren formazioari dagokion arloak. Benetan garrantzitsua izango litzateke Pedro Ignaciok zer eta non ikasi zuen ezagutzea. Aurkikuntzak argi dezente emango lioke, Actto para la noche buena-ren inguruan orain arte den iluntasunari.

Aipatutako antzerki lan hori, Hego Euskal Herrian euskaraz idatziriko lehena da. Hortik, beraz, gure literaturan dagokion inportantzia. Obra Arrasaten antzezteko idatzi zuen egileak. Horretaz ez dago batere dudarik, argi eta garbi azaltzen baita testuan garaiko arrasatear gizartearen islapena. Izan ere, hortxe datza obraren meriturik gorenena: Barrutiak Jesus haurtxoaren jaiotza eta Arrasateko bizimoduaren pasadizoak uztartu egiten ditu maisuki.

Barrutiaren lanak modernitatea dario bere egitura osoan. Idatzia izan zen garaitik bereizten gaituen distantzia eta testuingurua garaituta, badirudi Barrutiak Jesusen jaiotzaren misterioari literaturaren magiaren misterio ukiezina gehitu nahi izan ziola. Denboralitateari indenboralitatea erantsi zion lanaren apaletan zehar. Eta emaitza bikaina da.

Informazio gehiago:

Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.26.48

Aita Gabirel Jauregi

1895eko maiatzaren 27an jaio zen Uribarren baserrian, Aramaioko Etxaguen auzoan eta 1945ean hil zen. Fisika eta Kimikari buruz euskaraz idatzitako lehen liburuen egilea da. Pisia eta Kimia ziren liburu haien izenburuak, Gabirel Jauregi aramaioarrak eginak. Bi liburu horietan, Gabirel Jauregik ahalegin ikaragarria egin zuen Fisika (bere izendapenean Pisia) eta Kimika (Kimia, alegia) arloko testuliburuak prestatzeko. Lehena 1935ean idatzi zuzen eta bigarrena 1936an, biak Gasteizen argitaratuak. Abadetzari zegozkion teologia ikasketak eta bestelakoak amaitu ondoren, apaiz egin zen 1922. urtean. Eliz ikasketak amaituta, bere ordenako nagusiek eginkizun desberdinak eman zizkioten; horien artean, irakasle izatearena. Horrela, Gasteizko filosofia ikastetxeko irakaslea izan zen 1924-36 urteen bitartean.

Informazio gehiago:
lur gorri

Jose Mari Azkarraga "Lurgorri"

Aramaio eta bere herrikideak sakon maite izan zituen, bertan jaio ez zen arren. Gipuzkoarra zen jaiotzez, errenteriarra, 1916ko urriaren 29an munduratu zelarik. Gurasoak, Jose Maria eta Juana zituen, Agurain eta Errenteriakoak. Aitaren lan profesionala zela eta -Bilboko Hezkuntza Institutuko idazkari izendatu zuen 1916an Madrileko Instrukzioko Ministerioak- Bizkaiko hiriburura aldatu zen sendia, eta han egin zituen Jose Marik lehen ikasketak, 1929ra arte. Urte hartan Ministerioak berriro deitu zuen "Lurgorri"-ren aita Madrilera eta gurasoak eta lau seme alabak hara joan ziren bizitzera.

Jose Mari Azkarragak Zuzenbideko Fakultatean ekin zien goi ikasketei 1930ean. Ordurako bere gogoa zeharo maitemindua zegoen euskal sentimenduaz. Gurasoak abertzale eta euskaltzaleak zituen eta iturri horretatik edan zuen Jose Marik bere bizitza osoan. Aita, hogeita bat urterekin Agurainetik Madrilera lanera joan zena, espainiar hiriburuan euskaltzaletu zen, bertako Ateneon euskarazko klaseak hartu zituelarik. Lagun handiak izan zituen Odon eta Angel Apraiz gasteiztarrak, Abdon Gonzalez de Alaiza musituarra, Zelestino Agirresarobe tenore zarauztarra, Ignazio Busca Sagastizabal musika konposagile zumarragatarra eta beste hainbat, eta Jose Mari seme gazteak ere giro hartaz kutsatu zen.

Informazio gehiago:
Captura de pantalla 2021-05-25 a las 11.29.01

Julian Unzueta Etxebarria

Aramaioko Salazan baserrian jaio zen 1929an eta 2019ko maiatzaren 28an hil zen. Unzuetak zortzi urte egin zituen alkatetzan, 1971tik 1979ra, eta ondoren, Arabako diputatu ere izan zen, 1979tik 1983ra arte. Asko dira herriaren alde eginiko lanak. Bat edo beste ekarriko dugu gogora: ikastolak behar-beharrezkoa zuen aretoa; zaborrak eta hondakinak jaso eta tratatzea helburu zuen mankomunitatearen sorrera; euskararen erabilerari, udal batzaren baitan zein kaleetako errotulazioan, emandako bultzada, Ibarratik Gipuzkoako mugarainoko errepidea zabaltzea, auzoak elkarren artean lotzeko errepidea eraikitzea, …

2017ko ekainaren 14an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen.

Informazio praktikoa