
Udalerriaren zentroan kokatzen da eta Aramaioko herritarren ia erdia bertan bizi da. Udaletxea, komertzioak, eskola eta mediku etxea hemen kokatzen dira.
Ibarra auzoaren barnean daude Zalgo, Eguzkierripa, Errotabarri eta Arraga auzuneak.
Auzune honetako eliza nagusia, baita udalerrikoa ere, Zalgo auzoan kokatzen zen. Diotenez, Torraldeko familiaren erreferentziazko eliza Zalgoko hau zen. XIX. mendearen hasieran, Zalgoko elizaren egoera txarra zela eta, Ibarra erdigunean eraiki zuten egun eliza nagusia den San Martinen omenezko eraikina. Garaiko moda jarraituz eliza neoklasikoa da.
Herriko hegoaldeko sarrera ondoan kokatzen den Bañera izeneko parkean, garai batean bainuetxea izan zuela erakusten duen aztarnak aurkitzen dira: bainua hartzeko bainera bat eta errekan ur sulfurosoen iturburu bat.
Herriko plazan udaletxea, XVIII mendeko eraikin barrokoa, Sastiña ermita (San Sebastianen omenezkoa) egun ekintza kulturaletarako erabiltzen dena eta Udalaren eraikina den hiltegia daude. Hiltegian, gaur egun, Elikadura subirautza oinarri duen elkarte bateko elikagaien denda eta udal-artxiboa daude.
Festak San Martinen omenezkoak dira. Azaroaren 11a da herriko jai egun ofiziala baina festak uztaileko lehen asteburuan ospatzen dira.
Ibarran ermita asko daude. Lehenago aipatutako Sastiña alde batera utzita, Ibabeko Andra Marik debozio handia dauka. Eguzkierripan kokatzen den eraikin hau XVI. mendean jada eraikita zegoen eta gaur egun bizirik dirau bere Kofradiak. Beste 9 ermita daude elizate honetan.