Garai Historikoak
Historiaurrea
1983an, herriko saihesbidearen obrak egiten ari zirela, Iturroste baserrikoek uro (garai bateko basa zezenaren espezie bat) baten adarra aurkitu zuten. Adarrak 100.000 bat urte izango dituela uste da.
Brontze Aroko trikuharriak ere bazeuden (Anbotosten eta Ollargainen) baino espoliatu egin ziren eta egun ez dago aztarnarik. Trikuharri horiek gizakiaren presentzia frogatzen dute.
Aramaioko egitura geografikoa kontuan hartuta, uste da historiaurrearen hasierako garaietan ez zela gizakirik bizi herriko kobazuloetan. Mendian oso goian kokatzen ziren kobazuloak eta ez ziren egokienak garaiko gizakiarentzako. Aramaiotik gertu, Arrasateko Lezetxikin eta Abadiñoko Bolinkoban paleolitikoko aztarnak ere topatu dira.
Historian aurrera joan ahala, auzolanean egindako indusketa bati esker, badakigu K.a. I milurtean herriska bat kokatzen zela Murugain mendiko tontorrean. Indusketak 2011 eta 2012 urtean egin ziren eta Burdin Aroko harresi baten aztarna topatu zuten, beste elementu batzuekin batera.
Erdi Aroa
Aramaioko baserriak eta auzoak artzainek eta nekazariek eraikitakoak dira. Lehenik eta behin, udalerriko gunerik altuenetan bizi ziren aramaioarrak. Erdi Aroan aurrera joan ahala, biztanleak Ibarran kokatzen joango zirela. XIII. mendean Aramaio Barajuengo familiaren menpe zegoen jada; bailararen beheko zatia ez zegoen familia honen esku, hau da udalerriarena zen. Eta haranaren goiko aldean lan egiten zuten artzain edo ikazkinek zergak pagatu behar zizkioten Muxika-Butroi familiarekin ezkondu zen leinuari (linaje).
Barajuen auzoko Torralde dorretxeko familia Oñaztarren alde borrokatu zen Ahaide Nagusien borroketan. Borroka hauek direla eta Legutio, Otxandio eta Arrasaten (1448ko herriaren erreketa) etxe eta baserri asko erre ziren. Herritarrak jauntxo familia honen menpe bizi ziren eta azkenean 1489 urtean Aramaio Arabako Anaiartearen kide egin zen. Bizkaiko Foruak galdu gabe (gaur egun ere foru - lege bereziak ditu Udalerri honetan erroldatuta dagoenak), Arabako lurretan sartuta, jauntxoen gehiegikerietatik askatu ziren Aramaioko herritarrak. Barajuengo familia aipatu arren, udalerrian bazeuden familia boteretsu ezberdinak: Arexolan edo Uribarriko Gureian adibidez.
Ezaguna da Aramaioko Jauntxoek "Derecho a pernada"edo perna-eskubidea zutela. Perna-eskubidea jauntxo feudalak neska gazteekin sexu-harremanak izateko zuen ustezko pribilegioa zen, ezkontzen ziren gauean. Horrek, jauntxo ezberdinen kontrako epaiketak eragin zituen.
- Gaiarekin lotuta, Aramaion ezaguna da Ibabeko Bertaren kondaira.
Aro Modernoa
Aro Modernoa XVI eta XVIII. mendeen artean kokatzen den historiako aldia da. Erdi Aroan martxan jarri ziren burdinola eta sutegiek indar berezia hartu zuten XVI mendetik aurrera. Diotenez, burdinaren industria mantentzeko beharrezkoa zen ikatzak lortzeko, bertako basoen ustiapenak basoen “desagertzea” ekarri zuen denborarekin.
Burdinolak burdin-minerala landu eta burdina ekoizteko lantegiak dira. Sutegietan aldiz, sua eta mailuaren laguntzarekin, burdinari forma ematen zaio erramintak lortzeko. Ibarrako burdinolak 1700 urte ingururako ez zeuden martxan, Oletakoek aldiz 1860 urtera arte lan egin zuten gutxi gorabehera. Oletako Artuola burdinolak monumentu izendapena du; gaur egun pribatua denez ezin da ikusi.
Aro Garaikidea
Burdinaren garrantzia Aro Modernoan sartu ahal pixkanaka galtzen joan zen. 1832an Aramaion 32 sutegi zeuden eta 1856rako 16 besterik ez zeuden. XX mende hasieran iltzeak bakarrik egiten ziren Aramaion. Industria honen bilakaerak aberastasun handia eta Ibarra handitzea ekarri zuen, baita auzoen egituraketa ere. Etxeak eta sutegiak erreken inguruan lerratu ziren, eta gaur egun hori da Aramaioko Ibarra auzoaren etxeen egitura. San Martin elizaren estilo berezia eta handitasuna kontestu honetan ulertu behar dira.
Guda karlistek garrantzia izan zuten Aramaion, herriaren gehiengoa Karlisten aldeko taldean zegoen. Ezaguna da herrian Santa Kruz apaizaren historia. 1872an Aramaion atxilotu eta udaletxeko kartzelan preso zegoela ihes egin eta Gantzaga auzoko bizilagun batzuren laguntzarekin Izpizte mendiko koba batean hartu zuen babesa (ordutik kobazulo horri Santi Kurtz apaizaren koba deitzen zaio). Gorabehera askoko bizitza izan ostean Colombian hil zen 1926an.
Garai honetako da Aramaioko bainuetxea. 1827an hasi zen lanean eta eraldaketa ezberdinen ostean XX. mende hasieran itxi zuten.
Horrez gain, Murugain tontorrean Gerrate zibileko lubaki baten aztarnak ikusi ditzakegu. Gerrate Zibila bukatu ostean Aramaioko herritarrek oparotasunaren bila jarraitu zuten. Hori dela eta baserrietako ustiapenak behera egin eta gazte jendea lantegietara joan zen lanera, batik bat Debagoienako industriara. Gaur egungo egoera oso antzerakoa da. Biztanleriaren zati handi batek inguruetako herrietako lantegietan egiten du lan (Aramaion, Oletan salbu ez dago industriarik). Hala ere, esan beharra dago XXI mende hasieran abeltzaintzak gorakada txiki bat izan duela, batez ere gazteek inbertsio handiak egin dituztelako lehenengo sektorean.