Aramaio ezagutu

Historia egin duten emakumeak

Historia irabazleek, edo boterean daudenek idazten omen dute. Zenbat emakume ezagutzen ditugu, beraien izen eta abizenekin, gizonezko baten emaztea, ama edo arreba izan gabe, historiak gaurdaino ekarri dizkigunak?

Eta horretaz aparte, zer nolako lanei ematen zaie garrantzia? Pertsona bat famatu edo esanguratsu izateko arrazoiak zeintzuk dira? Herriari, komunitateari, gizarteari,… aberasten, aldatzen, eraldatzen edota hobetzen laguntzen dioten ekarpenak izan daitezke arrazoiak objetiboki aztertuta.

Baina oraindik ere, gizonezkoei lotzen zaizkien rolen, paperen, ekarpenak batez ere hartzen dira kontuan horrelakoetan. Sarritan ahaztu egiten zaigu emakumeok, emakume izateagatik bakarrik rol horiek garatzeko aukerarik ez dugula izaten. Edo emakumeoi egozten zaizkigun rolik gabe, rol isil horiek gabe, bizitzak ez lukeela funtzionatu.

Aramaion asko eta asko izan dira historia egin duten emakumeak. Honako hauek horietako batzuk besterik ez dira! Beraz, ezagutzen baduzu ekarpen ezberdinak egin dizkigun emakumeren bat, jarri harremanetan udaletxearekin (945445016 – euskara@aramaio.eus) eta zerrenda osatzen joango gara.

elvira-garcia-1200x1603

Elvira de Leyba

1457. urtean. 
Limitadoan dauden lurren usufruktua eman zion Otxandioko herriari, herentzian. Historia liburuetatik ezaguna den Juan Alonso de Muxika, Aramaioko kondearen ama izan zen.

 

pegatina-eguzkilore-9cm

Ibabeko Berta

XV. mendearen bukaeran
Kondairaren arabera, Ibabe baserriko emakume honek Aramaioko kondearen perna-eskubidearekin (derecho a la primera noche) amaitu zuen.

 

Pilar Calixta

Pilar Calixta Amilburu Elorza

1871-XX. 
Txikitatik musikarako talentu berezia izan zuen. Pianojolea izan zen. Pedro Arexolaleibarekin ezkondu zen, aitaren onespenik gabe, Marinera (Eskoriatza). Bertako elizako organoa jotzen zuen baina ez meza orduan, emakumea izateagatik debekatuta baitzegoen.

 

Maria_Cruz_Guruzeta_emagina

Maria Cruz Guruzeta Unzueta

1871-1934. 
Areatzara joan zen bizitzen, ezkonduta. Emagina izan zen eta Areatzako “Emakume Abertzale Batza” erakundearen sortzailea 1932an. Politikaria, garaiko mitinetan hartu zuen parte. Gaur egun, Areatzan du bere izenean plaza bat.

 

Maria Trojaola

Maria Trojaola Azpeitia

1881-1953.
Petrikilo, kurandera, bezala zen ezaguna. Oso trebea zen hezurretako minekin eta herritik kanpoko jende asko etortzen zen erremedio eta berak prestatzen zituen sendagaien bila. Beragandik asko ikasi zuen Rosali bere alabak, gero herriko emagina izan zena.

 

Felipa

Felipa Etxebarria Altuna.

1905-1993
Salazan baserrian jaioa. Herriko telefonista lanak egin zituen gerra aurretik. PNVko kide, kartzelan ere egon zen 2 urtez. Aramaioko Poxpolinak dantza taldea sortu zuen gerra aurretik.

 

lutxi

Lucia Arrieta Larrañaga (Lutxi)

1916-2003.
Jostuna izan zen eta eskolak ematen zien herriko neskei. Ezaguna egin zen, herritik kanpo ere, ezkontzeko soineko onenak egiten zituelako. Urte askotan, Aramaioko estankoaren titularra ere izan zen.

 

Micaela portilla

Micaela Portilla Vitoria

1922-2005.
Gasteizen jaio zen. Irakasle izan zen eskola desberdinetan, baita Untzilla auzoan ere 1945ean. Arte eta historia liburuak argitaratu zituen eta hauetan, Aramaioko artelanak ere bildu zituen.

 

MARI TERE 1

Maria Teresa Irasuegi Larrañaga (Maritere)

1923-2015.
Udaletxeko idazkaria izan zen urte askotan eta baita liburuzaina ere. Eskulanetan abila zen, eta sarritan Lutxi bere lehengusuari laguntzen zion soinekoak prestatzen. Asko bidaiatu zuen, herriko beste emakume talde batekin.

 

Margari-betaurrekorik gabe

Margari Arana Urzelai

1925-2015.
Jakinmin handiko emakumea izan zen, ikasi nahi izan zuen, baina gerrak eragotzi zion. Aramaioko jubilatuen elkartearen sortzaileetariko bat izan zen, 1983. urtean eta lehendakaria izan zen.

 

Timotea

Timotea Etxebarria Altuna

1942-2009.
Solaia baserrian jaioa, betidanik artzai. Ezkondu ondoren Elorrion bizi izan zen, baina egunero etortzen zen Aramaiora, artaldea auzo ezberdinetako zelaietan ibiltzen.

 

IMG_20190413_173325-300x289
01-Rosali
hutsik
Adela_Ibabe (1)

Blanka Mendialdua Elorza

1948-2020.
Etxaguengo Etxebarria baserrian jaioa, herriko andereño izan zen urte askotan. Herrigintza oinarri, elkarte askotako eragile izan zen: Papargorri, Andra Mari kofradia, ASE,…

 

Rosalia Ormaetxea Trojaola

1907-1979.
Udal lanetan herriko emagin bezala 1938eko maiatzaren 2an hasi zen, sei ehun pezetako soldatarekin; hiru hilez behin kobratzeko. Emagin eta erizain titulu ofiziala Valladolideko Unibertsitatean atera zuen, errepublika garaian, 1934ko abenduan.
Lanari, ordea, bi hilabete lehenago ekin zion. Eta hori dakigu, lanean hasteaz bat Rosaliak kuaderno bat ireki zuelako, atenditzen zituen kasu guztien zehaztasunak jasoz. Lehen erditzearen data, 1935eko martxoaren 8koa da eta azkena 1967ko abuztuaren 19koa.
Rosaliak eten egin behar izan zuen bere beteharra, 1937ko martxoan, faxistak Aramaiora sartu zirenean. 1940an herrira itzuli eta lanari berrekin zion, baina modu ez ofizialean, frankismoak emaginaren figura debekatu zuelako. Asko borrokatu ostean, 1949ko azaroaren 30ean modu ofizialean izendatu zen Rosalia, Etxe-laguntza Publikoko Aramaioko praktikante.

 

Adela Ibabe Ortueta

1945-1973.
Adela Ibabe Aramaioko Zubietagainekoa baserrian jaio zen, eta bosgarrena izan zen zortzi anai-arrebaren artean. Gasteizen Hezkuntzan diploma lortu eta segituan hasi zen Adela andereño lanetan.

Modu aktiboan parte hartu zuen garai hartako giza-aldarrikapenetan, eta beste gazte batzuekin batera, Aramaion ere biziki aritu zen, euskara eta ikastolaren sorraren alde lan eginez.

Horrez gain, 1968. urtean, Debagoieneko beste bi lagunekin batera, proiektu handi batean murgildu zen: Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren sorreran.

1973an, ezkongabe haurdun zela, legez kanpoko abortu ebakuntza baten ondorioz hil zen. Garaiko giro sozialean heriotzak sortu zuen samina eta ezinegona jaso zuen Oskorri taldeak Natxo de Felipek eta Gabriel Arestik idatzi zuten Adela abestiarekin.

 

Informazio praktikoa