Parke eolikoaren proiektua: alegazioak eta deliberazio jardunaldiaren emaitzak
Albiste honen bidez, eolikoen proiektuaren gaia zertan den azaltzea du helburu Aramaioko Udalak. Batetik, epea luzatzea lortu ondoren, Udala alegazioa prestatzen ari da Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialaren aurka, abokatu eta aditu talde batekin. Alegazioak aurkezteko herritarrek duten epea ere luzatu da, hain zuzen ere, uztailaren 24ra arte.
Bestetik, pasa den ekainaren 10ean energia iturrien proiektuei buruzko jardunaldia egin zen Aramaioko eskolan. Bertan egindako talde eztabaidan bildutako ekarpen, ohar, gomendio eta abarrak aztertzea izango da Udalaren hurrengo pausoa, eta San Martin jaiak pasa ondoren helduko zaio gaiari. Jasotako eskaera guztiei erantzun bat ematea da asmoa.
Webgune honetako «Energia proiektuak-herri hausnarketa» izeneko atalean gorde dugu jardunaldiaren memoria. Txostenean biltzen dira lehenengo diagnosiaren emaitzak, jardunaldiko hausnarketa ariketan jasotakoak, Udalak jorra ditzakeen estrategia eta ekintzei buruzko proposamenak, eta urte amaiera arteko kronograma. Webguneko atal horretan joango gara gordetzen energia proiektuei buruzko dokumentuak.
Amaitzeko, udaletxean daude kontsultagai, paperean, Sartkraft-en hiru proiektu: azpiestazioarena, tentsio handiko linea elektrikoarena eta parke eolikoarena. Lotura honetan deskargatzeko aukera dago.