Ludotekako ordutegia
Ludotekako ordutegia bere horretan mantendu edo ordutegi aldaketa egiteari buruz galdetu zen erabiltzaileen artean pasa den urtarrilaren 12tik 17ra bitartean.
Pandemia ostean haurren ludotekaren erabilera banatu egin zen aforo kontuak bermatzeko. Antolaketa eredu horrek izan zituen alde positibo eta negatiboak. Positiboetako bat izan zen umeenganako arreta gertuagoa bermatu zuela; negatiboen artean, berriz, erabileran muga ekarri zuela; hain zuzen ere, denok egunero ludoteka erabili ezin izatea.
Erabiltzaileen eskaerak direla-eta aurtengo ikasturte hasieran ordutegi aldaketa bat egin zen: astelehen, asteazken eta ostiraletan HHko umeak egoten dira arratsaldeko lehenengo erdian, eta astearte eta ostegunetan LHkoak lehenengo. Ondoren, arratsaldearen bigarren zatian, ume guztiak elkarrekin egoten dira.
Guztira 21 familiak erantzun dute galdetegia, eta horietatik %71,4k, hau da, 21etik 15ek, egungo ordutegiari eustearen aldeko erantzuna eman du. Emaitza ikusita, ludotekako ordutegiak bere horretan jarraituko du.