Harrimena lantzeko ariketak

Euskararen Eguna badatorrela eta, euskal kulturaren zirkuituan martxan dabiltzan lanak Aramaiora ekartzeko ahalegina egin nahi du Udalak. Gauzak horrela, Harrimena lantzeko ariketak antzezlana ikusi ahal izango dugu kultur etxean, azaroaren 22an (igandea), arratsaldeko 18:30ean.

Lanaren gidoiaz eta dramaturgiaz Edu Zelaieta idazle gasteiztarra arduratu da, eta Josune Velez de Mendizabal eta Kepa Errasti dira zuzendariak. Hiru aktore izango ditugu taula gainean: Eihara Fernandez de Larrea, Adur Ballarin eta Josune Velez de Mendizábal.

Sinopsia:

Ez gara harriak. Zer? Oraindik ere harritu gaitezke. Bai? Hara!

Hiru pertsona agertokian. Hiru bidaia. Hiru harridura-marka. Bata dantzan; beste bat, lurrari itsatsita; eta hirugarrena, xehetasunek liluratuta bizi da. Haiei esker, mundua berriro ezagutuko dugu. Berriro ere? Bai. Egungo bizitzaren isla. Zer? Agenda mediatikoetatik urrun. Hara!

Fernando Pessoa idazle lisboarra gogora ekarri du Edu Zelaietak, eta XXI. mendeko Euskal Herrira ekarri. ALEA aldizkariak 36 piezatan argitaratu zuen abentura literario berezi hori, testua eta irudiak tartekatuz. Orain, harrimena paperetik agertokira igaroko da, antzezlan bihurtuta. Beste pertsonaia batzuekin, harridura-marka berriekin.