COVID-19aren kalteak arintzeko laguntzak: irizpideak (zuzenketa)

Alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduera eta ostalaritzako establezimenduei laguntzera bideratzen dira Aramaioko Udalak onartu dituen laguntza berezi hauek. Ezohiko deialdia da, COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko, alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduera eta ostalaritzako establezimenduei zuzenduta.

Ondoren daude laguntzaren oinarriak, bere osotasunean. Bertan aurkitu daitezke kontuan hartuko diren irizpideak. 

  1. Aurrekariak eta testuingurua.

Munduko Osasun Erakundeak 2020ko martxoaren 11n nazioarteko pandemia bihurtu zuen Covid-19k eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera.

Martxoaren 12an, Aramaioko Udalak hainbat zerbitzu bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, esaterako, liburutegia, udal kiroldegi zerbitzua, udal batzordeak, aurreikusitako hainbat ekitaldi, eta abar. Halaber, udalak kudeatzen ez dituen zerbitzu batzuk ere eten egin ziren egun horretan bertan.

Testuinguru horretan, hainbat dekretu, agindu eta gomendio argitaratu ziren:

— Martxoaren 13ko 6/2020 Dekretua, Lehendakariarena, zeinaren bidez Lehendakariak Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumenak bereganatzen baititu, Covid-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean.

— Martxoaren 13ko Agindua, Segurtasun sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean.

— Martxoaren 13ko Agindua, Osasun sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia erkidegoan, Covid-19 koronabirusaren egoera eta bilakaera dela eta.

— Martxoaren 14ko Agindua, Osasun sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia erkidegoan, Covid-19 koronabirusaren egoera eta bilakaera dela eta.

  1. Alarma egoeraren deklarazioa.

2020ko martxoaren 14an, 463/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, non, «Coronavirus» (Covid-19 aurrerantzean) izeneko birusak eragindako osasun krisiaren Kudeaketarako alarma egoera deklaratu zen 15 eguneko iraupenarekin.

Alarma egoera hori gaur egun ere indarrean dago. Dekretuak hainbat neurri hartzen ditu, kontaktuen jarraipena egin eta arriskuaren araberako gizarte urruntze neurriak sustatzeko.

Errege Dekretuaren Azken Xedapenetatik lehenak dio alarma deklarazio horren aurretik Erkidego nahiz tokiko gobernuek koronabirus Covid-19aren baitan hartutako neurriek indarrean jarraitzen dutela. Betiere, errege Dekretu honek xedaturikoarekin bat badatoz.

  1. Deklarazioaren ondorioak.

Hartutako neurri horiek eragin zuzena izan dute herritarren eguneroko bizitzan, bai beraien mugitzeko askatasunean zein beste eskubide batzuen egikaritzan.

  1. Egoera arintzeko laguntza proposamena.

Udaleko baliabideak inoiz bizi ez den egoera honen aurrean herritarren beharrei erantzun egoki bat emateko erabiltzea dagokigu.

Ondorioz, Covid-19ak eragindako egoera arintzeko helburuarekin, ez-ohiko dirulaguntza deialdia onartzea proposatzen da alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduerei laguntzeko.

Horretarako, aldizkakotasun izaerarik gabeko dirulaguntzak emango dira.

Euskadiko Tokiko erakundeak arautzen dituen apirilaren 7ko 2/2016ko Legearen baitan, Udal Batzarrak 2020ko ekainaren 16an,

ERABAKI DU:

Lehena.- Covid-19aren ondoriozko alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduerei udal dirulaguntzak emateko ezohiko deialdia egitea.

Deialdi horren ezaugarriak akordio honen eranskin gisa jaso dira.

Deialdia eta laguntza eskatzeko beharrezkoak diren gainontzeko dokumentuak Udalaren web orrian (www.aramaio.eus) daude erakusgai.

Bigarrena.- Deialdi horri aurre egiteko 2020. Ekitaldiko udal aurrekontuan 15.000,00.- euroko gastua baimentzea, Aramaioko Udaleko aurrekontuaren baitan: 01.231.471000 — Jarduera eta ostalaritzako establezimenduei dirulaguntzak.

IRIZPIDEAK

Laguntzaren ezaugarri nagusiak:

(Oharra: dirulaguntza hau argitaratu zenean ez ziren laguntzaren ezaugarriak argitaratu. Hona hemen kontuan izan behar diren irizpideak)

  • Ile-apaindegien, ostalaritzako establezimenduen, nahiz bestelako jarduera ekonomikoen (akademiak, mekanikoak, etab…) derrigorrezko itxierak sortutako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak.
  • Laguntza 400,00.-€koa izango da beti ere hilabete bateko epea erreferentziatzat hartuz. Halaber, 100,00.-€ko gehigarria izango dute % 100 jardunaldian daukaten langile bakoitzeko. Lanaldi partzialean aurkitzen diren kasuetan, gehigarria era proportzionalean emango da.
  • Itxialdia partziala izan bada (hau da, negozioaren zati bat irekita eta beste bat itxita), laguntza 200,00.-€koa izango da. Halaber, 100,00.-€ko gehigarria izango dute % 100 jardunaldian daukaten langile bakoitzeko. Lanaldi partzialean aurkitzen diren kasuetan, gehigarria era proportzionalean emango da.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Alta historikoa egiaztatu beharko da.
  • Helbide fiskala Aramaion izatea ezinbesteko baldintza izango da.

Hirugarrena.- Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean, deialdia onartu duen organo eskudunaren aurrean, edo zuzenean aurka egin ahal izango zaio, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean. Epeak, beti ere, deialdia argitaratutako egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen.

 

ERANSKINA

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko, alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduera eta ostalaritzako establezimenduei udal dirulaguntzak emateko ezohiko deialdia.

  1. Xedea eta lagundu daitekeen epealdia.

Dirulaguntza honen xede nagusia da Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko alarma egoerak ixtera behartu dituen jarduera eta ostalaritzako establezimenduei laguntzea.

Dirulaguntza honen bidez, aplikatu beharreko salbuespenezko prebentzio neurriak sortarazitako egoera zailei aurre egitea eta erantzun bat ematea da helburua, gainontzeko Administrazioek eremu honetan epe labur nahiz ertainean har ditzaketen bestelako neurrien kalterik gabe.

Horretarako, aldizkakotasun izaerarik gabeko dirulaguntzak emango dira.

Jarritako laguntza horiek larrialdi egoera bakoitzak sortutako gastuari zati batean aurre egitera bideratuko dira.

  1. Laguntza ekonomikoen hasierako epea.

Diruz lagungarriak izango diren honako kontzeptuak Estatuko alarma egoeraren deklarazioaren ondoren hasiko dira.

Ile-apaindegien, ostalaritzako establezimenduen eta bestelako jarduera ekonomikoen itxiera, beti ere, alarma egoeraren ondorioz jarduera eteteak sortarazitako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak (15.000 €).

  1. Diru-laguntzen indarraldia.

Dirulaguntza honek alarma egoera amaitu arteko edota alarma egoera amaitu aurretik ezarri den diru laguntza kopurua agortu arteko iraupena izango du. Beti ere, alarma egoeraren baitan kasu hauei eragindako arintzerik ematen ez bada.

  1. Diru-laguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak xede duen helburua egoera egiaztatu bezain pronto ordainduko da.

Dirulaguntza honetara bideratutako aurrekontua (15.000 €), ez bada nahikoa dauden eskaera guztiei erantzuteko, modu proportzionalean banatuko da.

  1. Aurkeztu beharreko agiriak eta eskaera egiteko epea.

Dirulaguntza eskaerarekin batera atxikitu behar den dokumentazioa ondoren adierazitako izango da:

  • Dirulaguntza eskaera udalaren erregistro orokorrean eta bere web orrian argitaratu den eredua erabiliz egin beharko da.
  • Eskaera orriarekin batera, aurkeztu beharko dira:
  • Jarduera burutzen duela egiaztatzen duen JEZaren Alta historikoa. (Udalak egiaztatuko du).
  • Langileak izanez gero, berauen lan kontratuaren kopia.
  • Helbide fiskala Aramaion izatea (Udalak egiaztatuko du).
  1. Eskariak aurkezteko epea eta mugak.

Eskabideak aurkeztu epea 20 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Arabako Aldizkari Ofizialean eta Aramaioko Udaleko webgunean argitaratutako egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskatzaileak, atal honetan aurreikusten diren diru-laguntzetatik soilik bat jasotzeko eskubidea izango du, hau da, ezin izango du kontzeptu ezberdinetatik izanda ere, dirulaguntza bat baino gehiago jaso, soilik modalitate bateko dirulaguntza eskatzea ahalbidetzen da.

  1. Gauzatzea eta proposamena.

Udalaren Ekonomia Sailak dirulaguntzaren kudeaketarako lanak egingo ditu, eta ebazpen proposamena prestatuko du.

Ondoren, Alkateak Ekonomia Sailaren proposamena ikusita, dirulaguntza eskaerari buruzko erabakia hartuko du.

Eskatzaileak, Alkatearen erabakiaren kontra egoki iritzitako errekurtsoak aurkeztu ahal izango ditu legez erabakitako epe eta moduetan.

  1. Interesdunaren betebehar eta obligazioak.

Diru laguntza hau eskatzen duten interesatu orok, hura eskuratzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Hala ere, udalak dirulaguntza emateko orduan zalantzarik baldin badu interesatuari baldintzak betetzen dituen ala ez, dokumentazio edo informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eta interesatuak eskaera hori bete egin beharko du.

Dirulaguntza jasotzen duten ile-apaindegi, ostalaritzako establezimendu eta bestelako jarduerek ondorengo konpromisoa hartu beharko dute:

Alarma egoera ezartzen duen dekretuaren indarraldia amaitzean, hau da, jarduerak irekitzeko baldintzak ematen direnean, laguntza jaso duten komertzio zein establezimenduek, gutxienez 4 hilabetez zerbitzua irekitzeko konpromisoa hartu beharko dute.

  1. Udalaren eskubidea.

Udalari dagokio dirulaguntza honen oinarriak interpretatzeko eskubidea, dirulaguntzaren betearazpenak sor ditzakeen zalantzak argitzea, ematen diren kasuistika eta kalteen zamak interpretatzea eta dirulaguntzak baimendu edo ezeztatzea. Beti ere, Dirulaguntzen Araudi Orokorra arautzen duen azaroaren 17ko 38/2003 Legeak ezarritako eskakizun eta ondorioetara loturik.

  1. Dirulaguntzen itzultzea.

Eskatutako baldintzak beteko ez balira, edo behar bezala arrazoitutako beste edozein ziorengatik, Udalak dirulaguntza emakida deusezta dezake eta emandako dirulaguntza bueltatzea eskatu dakioke interesatuari.

  1. Ebazpena: alkatetza.

Prozeduraren ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesatuei edota erakunde interesatuei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 41.1 artikuluaren arabera; betiere emandako diru laguntzak Udalaren webgunean argitaratzeko aukera baztertu gabe.

Laguntza lerro hau bateragarria izango da beste Administrazioak martxan jarri ditzazketen laguntzekin baino ezingo da Covid-19aren ondorioz sortutako galera ekonomikoa baino gehiago jaso. Halakorik gertatuz gero, esandako 38/2003 Legeak aurreikusten duen Itzulera prozedura martxan jarriko da.

Emandako dirulaguntzaren ordainketa bakoitza banku transferentzia bidez egingo da, erakunde edo pertsona onuradunak adierazitako kontu korrontean.

  1. Araudi ezargarria.

Bere oinarri arautzaileetan ezarrikoaz gain, laguntza hauek Dirulaguntzen Araudi Orokorra arautzen duen azaroaren 17ko 38/2003 Legeak arautuko dituzte.

Eskaera orria

Eskaera orria udaletxean entregatu beharko da: Eskaera orria-COVID19

Albiste gehiago →