Aramaioko Izenbakuek: bertso kuadrilla arteko finalean izango dira
Aramaioko Izenbakuek finalean lehiatuko dira, martxoaren 28an da, Murgian.
Aurreko zapatuan Aramaioko pleno aretoan egin zen Arabako Bertso Kuadrilla arteko bigarren finalaurrekoa eta bertan lehiatu ziren: Aramaioko Izenbakuek eta Zalduondoko Lautadako ahuntzak taldeak.
Aramaioko taldea suertatu zen irabazle eta finalera pasatuko da.
Manex Agirrek, Peru Abarrategik, Andere Arriolabengoak eta Danel Herrartek jardun zuten bertsotan Izenbakuak taldean eta Lautadako ahuntzetan, ostera, Oihane Perea, Markel Yoller, Aitor Najera eta Irati Anda bertsolariek.
Umore handiko saioa eskaini zuten eta entzuleek ezin gusturago jarraitu zituzten botatako bertsoak: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka…
Zapatuan, azken finalaurrekoa Amurrion
Txapelketaren azken finalaurrekoa hurrengo zapatuan, martxoaren 14an, izango da, Amurrion. Aramaioko Konde basoko iluek taldeak Gasteizko Errexala izango du aurrean, eta kanporaketa horretako irabazlea ere finalean izango da. Izan ere, finala hiru taldeen artean jokatuko da eta dagoeneko sailkatuta dago Gasteizko Sumendiola bete poto taldea.
Finala, martxoaren 28an jokatuko da, Murgian, eta egun osoko festa gertatuko dute. Eguerdian, parte hartu duten taldeak kantuan ibiliko dira tabernaz taberna, eta bazkal ostean jokatuko da finala. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus helbidera. Finalerako sarrerak bertan jarriko dituzte salgai.