Adierazpen instituzionala, azaroak 25: emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna
AZAROAREN 25EKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Aramaioko Udala bat dator gaurko indarkeria matxistaren mota guztien aurkako erabateko gaitzespenarekin.
Indarkeria matxista arazo politikoa da, ez pribatua. Ez da emakume bati noizbehinka eta modu isolatuan gertatzen zaion zerbait: sistema patriarkalak emakumeen bizitzen, gorputzen eta erabakien gaineko kontrola mantentzeko erabiltzen duen mekanismoa da. Erailketa bakoitzaren, sexu-eraso bakoitzaren, mehatxu bakoitzaren eta isiltasun bakoitzaren atzean botere-egitura desorekatu bat dago, oraindik bizirik dagoena eta familian, lanean, kalean, erakundeetan eta hedabideetan erreproduzitzen dena.
Lehen mailako arazo sozialaz ari gara, baina ez zaio beti merezi duen larritasuna aitortzen. Emakumeen erailketek tartea betetzen dute albistegietan, eta jendartea holako gertakariak entzutera ohitu egin da, gure jendarteen ezaugarri propioa balitz bezala onartuz.
Baina ezin dugu ahaztu emakumeak emakume izateagatik erailltzen dituztela. Sexu-erasoak jasaten dituzte intimitatean eta espazio publikoan, baita jaietan eta aisialdi-guneetan ere; sareetan jazartzen dituzte; eta haien alabak eta semeak zigor-tresna gisa erabiltzen dituzte.
Estatistiketara iristen den kasu bakoitzeko, beste asko ezkutuan geratzen dira, beldurragatik, mendekotasun ekonomikoagatik, konfiantza faltagatik edo isolamenduagatik. Aitortu behar dugu emakume bat erailtzen denean sistemak huts egin duela.
Gainera, diskurtso ukatzaileen gorakada handia bizi dugu; indarkeria matxistaren existentzia bera zalantzan jartzen dutenak, feminismoari iseka egiten diotenak eta hamarkadetako borrokaz lortutako eskubideak murriztu nahi dituztenak. Indarkeria matxista ukatzea babestea da. Erakundeok ezin gara neutralak izan, edo emakumeen alde gaude, edo emakumeak isilarazten dituztenen eta indarkeria mantentzen dutenen alde gaude.
Aurten, 2026an, Euskal Herrian bost erailketa izan dira; 2003tik, 135 emakume eta 13 adingabe. Gure udalerrian ere badago indarkeria matxista, urtero artatzen dira kasuak Gizarte Zerbitzuetatik eta Berdintasun Zerbitzutik. Jakin badakigu, ezagutzen ditugun kasuak susmatzen dena baino zati txiki bat besterik ez da. Ez dira “beste” leku batzuetan gertatzen diren gauzak, hemen ere gertatzen dira, Aramaion.
Mugimendu feminista aldaketaren ezinbesteko motorea izan da. Haren antolakuntzari, presioari eta auzoetan, herrietan eta elkarteetan egiten duen eguneroko lanari esker, erakundeok erantzukizunak hartu, zerbitzuak eta legeak sortu behar izan ditugu.
Aitortzen dugu Mugimendu Feministarik gabe ez genituzkeela hainbeste protokolo, baliabide eta gizarte-kontzientzia izango. Baina aitortzen dugu, halaber, lortutakoa ez dela nahikoa eta beti egon daitekeela arriskuan. Emakumeak erailtzen dituzten bitartean, erakunde bat ere ezin da asebetetzat jo.
Horregatik guztiagatik, Aramaioko Udalak bere gain hartu behar du indarkeria matxista, giza eskubideen urraketa dela, eta haren larritasunaren neurriko erantzun politikoak, aurrekontukoak eta sozialak eskatzen dituela.
Hori dela eta, honako hauek egiteko konpromisoa hartzen dugu:
1. Babesa eskatzen duten emakumeei ematen zaien arreta hobetzea, integrala, eskuragarria eta genero-ikuspegia izan dadin, baliabide egonkorrekin, langile formatuekin eta gizarte-, osasun-, polizia-, justizia- eta hezkuntza-zerbitzuen eta berdintasun-arloaren arteko benetako koordinazioarekin, birbiktimizazioa saihestuz eta ahultasun-egoera larrienean dauden emakumeei arreta berezia emanez.
2. Indarkeriaren prebentzioaren aldeko apustua egitea, hezkuntza-sistemarekin eta Aramaioko eskolarekin elkarlanean.
3. Jai, lan eta espazio publikoak eraso sexistarik gabeko eramuak izateko balibideak sortu, protokolo espezifikoen bidez.
4. Berdintasunerako politika publikoak defendatzea eta Berdintasun Zerbitzuari baliabide nahikoak ematea.
5. Mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin lankidetzan aritzea.
Herritarrak animatzen ditugu Mugimendu Feministak eta emakumeen elkarteek azaroaren 25erako deitutako mobilizazioetan parte hartzera.
Joan direnengatik, eusten diotenengatik eta etorriko direnengatik.