Gorbeialdeko Gurasolagunen proposamena: hilero, mendi-buelta

2020ko irailean jarri zen martxan  GURASOLAGUN programa, Gorbeialdeko Mintzalagunaren barruan. Helburua, familiak (guraso eta umeak) elkartu eta  euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak sortzea da, gustuko jarduerak eginez, edo besterik gabe elkarrekin egonez.

Une honetan, Kuadrilla osoko 13 familia inguru ari dira egitasmo honetan parte hartzen, baita Aramaiokoak ere. Eta ekimena irekita dago beste edonori. Egin behar den gauza bakarra da egitasmoaren koordinatzailearekin harremanetan jarri:

mintzalaguna@gorbeialdea.org / 662120209

Eskatzen den bakarra, euskara ulertzeko gai izatea da. Beraz, animatu, aukera ederra da eta.

Hileroko proposamena

Udalerri bakoitzean gurasolagun taldeek egiten dutenaren osagarri, talde guztiak biltzeko hitzorduak antolatzen hasi dira orain egitasmoaren arduradunak. Proposamena honakoa da: hilabete bakoitzeko hirugarren igandean, Kuadrillako udalerri ezberdinetan txandaka, familia osoak egiteko moduko mendi-irteerak egitea. Lehenengoa joan den abenduaren 12an egin zuten, Zigoitian. Letonatik San Bittorrera egin zuten txangoa (argazkia lekuko).

Hurrengo hitzordua urtarrilaren 23an izango da, oraingo honetan Urkabustaizen. Goizeko 11:00etan Izarrako frontoiaren ondoko parkinean elkartu, eta Beluntzako ur-jauzietara egingo dute ibilaldia.

Beraz, familian euskaraz egunpasa eder bat egin, eta bide batez Kuadrillako bazterrak ezagutzea nahi duenak, hementxe du aukera.

 

Albiste gehiago