UEMAk 30 urte bete ditu maiatzean

Orain dela 30 urte sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean, 1991ko maiatzaren 5ean. Aramaio 1995 urtean sartu zen eta urtebete beranduago UEMA Eguna ospatu zen gurean. eta 2013an ere UEMA Eguna ospatu zen Aramaion.

Sorrera

Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.

Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.

Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.

Maiatzaren 29an, urteurrena gogoratzeko ekitaldia

Datorren maiatzaren 29an, UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia egingo du, Amasa-Villabonan. Batzarra amaitzen denean, berriz, UEMAren 30. urteurrena eta egindako bidea gogoratzeko ekitaldi xumea egingo dute, Amasa-Villabonan bertan, Gurea antzokian. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, eta UEMAk 30 urte hauetan egindako bideari errepasoa emango diote, gaur egungo ildoak eta erronka berriak zehaztearekin batera.

 

Albiste gehiago →