Udalekuak eta Eguneko zentroari buruzko adierazpena

Honela dio udal gobernuaren izenean argitaratu den adierazpenak:

«Asteburu honetan, kasualitatez, komunikabidetatik jakin genuen udalek kudeatzen zituzten udalekuak bertan behera geratuko zirela eta Eguneko Zentroak itxiko zirela. Mezu hori entzun ostean ezer ofizialik jaso gabe, gaur jakin dugu momentuz gomendioak direla bakarrik.

Lehenengo eta behin, udal bezala adierazi nahi dugu gauzak horrela ezin direla kudeatu, ezin da komunikabideetan mezu bat zabaldu udalen eskumenak diren gauzen inguruan udalei komunikatu gabe. Gainera beste behin ere asteburuan eta guztiontzako berdin.

Honen aurrean, asteburuan bertan gure artean ahal izan dugun bezala, kudeaketa on eta zentzuzko batentzako tarterik gabe, eta beste behin ere inprobisatzen eta jakinda familien kontziliazio eta behar emozionalak airean geratu direla, ardura sozialetik udalekuak bertan behera uztea erabaki dugu. Sentitzen dugu begirale, ume, familia eta kaltetu guztiegatik, denboraz jakin izan bagenu, asteburutik kanpo, eta gomendio bat dela jakinez gero, beste era batean kudeatu genuke hau, gutxienez familiekin adosten ahaleginduko ginateke, jakiteko zer egin gomendio honen aurrean.

Eguneko zentroaren inguruan ere antzerakoa izan da egoera. Gainera Foru Aldundiko arduradun batzuk gaur izan dute Osasun Sailetik hala nola zabaldutako agindu/gomendio honen berri. Honen bolumena txikiagoa denez eta gaur goizean, asteburuan ez bezala, gomendioak direla jakin ostean, bertako langile eta erabiltzaileen familia guztiekin kontrastatu dugu erabakia.

Ikusita, gure udalerrian kasuak ez direla ugaritu, nahiz eta jakin hori edozein momentutan pasa daitekeela, guztiok neurriak hartu arren, momentuz Eguneko Zentroa irekita mantentzeko erabakia hartu dugu erabiltzaile, hauen familiak, bertako langileak eta udalaren artean.

Erabakia tentuz eta arduraz hartu dugu eta, edozein arrazoiengatik, egoera herrian bertan zein zentroa aldatuko balitz, kasuren bat agertuz edo hauek areagotuz, orain arte bezala beharrekoak diren erabakiak eta neurriak hartuko ditugu».

Lierni Altuna Ugarte

Udal gobernuaren izenean

 

Albiste gehiago →