Udal ordezkariak eta auzo alkateak hondakinen kudeaketaz aritu ziren

Joan den astean auzo alkateekin elkartu ziren udal ordezkariak, auzoetako beharrak eta eskaerak partekatu eta jasotzeko. Hainbat gai landu zituzten bileran, besteak beste, Oletako problematika urarekin, auzoetako informazio panelak, ondarea zaintzeko dirulaguntzak eta bideetako zuloen konponketa-lanak. Mahai gainean jarritako gai guztien artean bat garrantzi berezikoa izan zen: Zaborren kudeaketa.

Zenbait aldaketaren ondorioz, hondakinen kudeaketaren eskumena kuadrillena izatera pasa da, eta horren ondorioz, Gorbeialdeko bilketa eredua birpentsatzeko abagunea agertu da. Gaikako bilketaren datuak egun ez dira onak: Araban hondakinen % 63 ez da gaika jasotzen, eta beraz, zabortegira bideratzen da, Gardelegira −bertan jasotzen diren hondakinen % 6 birziklatzen da soilik−. Kontuan hartu behar da hondakin horien % 51 bioerrefusa dela.

Hondakinen eta lurzoru kutsatuen Lege berriak hondakinen kudeaketako baldintzak zorrozten ditu, eta besteak beste, errefusari zerga berri bat aplikatzea aurreikusten du; hain zuzen ere, datorren urtean 30 € gehiago ordainduko dira tona bakoitzeko. Are gehiago, epe ertainean kopuru hori bikoiztu edo hirukoiztea espero da. Garestitzen neurri horien helburua da sortzen dugun errefusa kopurua nabarmen jaistea, eta hala, Europar Legedia betetzea.

Egoera honen aurrean, Aramaioko Udalak eredu deszentralizatu baten alde egiten du, non organikoaren bilketa egoki bideratuko den eta errefusa edukiontzien kontrolik gabeko erabilera ekidingo den.

Auzo alkateekin egindako bilera honi izaera iraunkorra eman nahi dio Udalak, eta urtean behin edo bitan elkartzea aurreikusten du.