Txertaketa egingo zaio aurrekontuari hainbat proiektu finantzatzeko
Udalek urtero aurrekontua egiten dute, aurreikusten diren sarreren arabera gastuak egokituz. Eta behin urtea amaitu ostean likidazioa egiten da urteko emaitza erreala ateraz. Aurrekontuak aurreikuspen bat direnez, espero ez diren diru sarrerak edo laguntzak jaso daitezke, zein gastuetan, estimazioak direnez, espero baino gutxiago edo gehiago gastatu. Beti ere, likidazioaren emaitza positiboa izatea da erakundearen osasun finantzario ona eramateko bidea.
Udal bakoitzeko soberakina urte bakoitzeko emaitzek, esleituta baina borobildu gabe geratu diren gastuak, kobratzeko dauden gauzak (batzuk ez dira kobratzea lortzen), basoetarako funtsak (legez, urtean, baso publikoetatik ateratako % bat basoen zaintza eta hobekuntzarako funts batera bideratzen da),… osatzen dute.
2020a urte ezohikoa izan zen zentzu askotan, hala ere, 24.000€ euro gehitu zitzaion soberakinari. Eta momentu honetan, kontzeptu guztiak kontuan izanda udalaren soberakina 1.641.454,35 €koa da.
Aurrekontuari txertaketak
Iaz, egoerak eta etorri zitekeenak baldintzatuta, ez ziren txertaketarik egin aurrekontura. Baina bestela, ohikoa du udalak, eta udalek orokorrean, likidazioa positiboa aprobetxatuz aurrekontuari txertaketak egitea.
Aurten ere horrela egingo da, egoera finantzario ona aprobetxatuz, dauden behar, eskaera… eta herria eta bere bizi kalitatea hobetzen joateko zerrenda bat osatu da eta soberakinaren zati bat, inbertsio eta beste hainbat proiektuetarako erabiliko da.
Guztira 424.324,11 euroko txertaketa egingo zaio aurrekontuari. Txertaketa hau gauzatuko da, aurrekontuan erabilgarri egongo da, ALHAOn argitaratu eta 15 egunean jendaurrean egon ostean.
Hauek dira txertaketa horretako proiektu aipagarrienak:
- Irisgarritasuna hobetzeko obra Kultura etxea, okindegi, 2 taberna dauden inguruan: inguru guzti horretan obra egingo da irisgarritasuna hobetu eta oinezkoei lehentasun gehiago emateko.
- Kurtzeaga-Karobia-Andra Mari ibilbidean zati bat bide berde gisa egokituko da eta beste zati bat porlanez jarriko da ibilbide zirkular dena irisgarri eginez.
- Liburutegian Aramaioko fondo berezia sortuko da, herriarekin lotuta dauden liburuak eta bestelako materialak biltzeko.
- Eszenatoki txiki modularra erosiko da. Udalak badu eszenatoki handia baina zaharra, handiegia eta ez da praktikoa, jaietako egunetatik kanpo, edozein auzo edo ekimenetan erabiltzeko.
- Ur sarean inbertsioak: Zabola-Untzilla linean falta den zatia berriztuko da, orain dela hilabete gutxi fuga baten ondorioz kanpotik bota zen tuboa txukun lurperatuko da, Suñako linean ere tuboa aldatu eta lurperatuko da. Eta Zalgoko depositoa guztiz anulatzeko falta diren konexioak egingo dira.
- Errepide ezberdinak asfaltatuko dira: Arriola-Arrikoiti, Matxinkale-Ametzu eta Andra Mari-Maskaino bideetako txarren dauden zatiak, Andra Mari-beheko kurtzea,…
- Parkean inbertsioak egingo dira, parte hartze prozesuan egin gabe geratu ziren gauza batzuk borobiltzeko eta eskolako umeen eskaera berriren bat bideratzeko.
Baten batek, txertaketa honen inguruko informazio gehiago behar baldin badu, txertaketa osoaren kontzeptu guztiak eta bakoitzari dagokion aurrekontua, lasai eskatzeko udaletxean.