Udako hilabeteen balorazioa egin du udal taldeak

Udal ordezkariak lehenengoz bildu dira oporraldiaren ondoren, eta udako hilabeteak baloratu dituzte. Hasteko, jaien balorazio ona egin du Udalak: Frantziako Tour-ak eragindako gorabeherez aparte, programatutako ekintzak arazorik gabe gauzatu ziren, bai eta San Martin jaiak giro onean ospatu ere istilurik gabe.

Beste alde batetik, azken hilabeteetan bizi izan ditugun apurketak gogor salatu nahi izan ditu udal taldeak, eta berretsi ez direla inondik inora onargarriak herriaren eta bizilagunen kontra egiten diren bandalismo ekintzak.

Uda hasieran eskolako leihoetako kristal batzuk puskatu zituzten ezezagun batzuk, eta uztail amaieran ur parkeko instalazioetan kalteak eragin. Horrelako ekintzek gastu handia eragiten diote Udalari. Ur parkearen kasuan, egun gutxiren buruan instalazioa berriz martxan jartzeko modua egon bazen ere, abuztu osoa itxita egoteko arriskua erreala izan zen. Horrek Aramaioko haur eta gurasoei sortuko liekeen kaltea handia zatekeen.

Gutxi batzuk dira ekintza horien erantzule, baina sortzen duten haserrea kolektiboa da; horrelakorik berriro salatu behar ez izatea espero du Aramaioko Udalak.

Hirugarren lekuan, azken asteetan zenbait auzotan urarekin izandako arazoak ere azaleratu dira bileran. Esandakoaren arabera, udan ohikoak izaten dira ur instalazioen inguruko gorabeherak, eta aurtengoa ez da salbuespena izan.

Azken gai moduan azaldu da abuztuan Aramaioko herria medikurik gabe egon dela Osakidetzak ez baitu mediku titularraren ordezkorik jarri. Arazo hau ez da Aramaiokoa bakarrik erkidego osoan gertatzen baita. Udaletik bitarteko guztiak erabiliko dira behar bezalako erantzuna emateko.