Seiehun sinadura baino gehiago jaso dira Aramaioko herrian, Itsaraz proiektuarekiko desadostasuna erakusteko

  • Abenduan eta urtarrilean Aramaioko Udalak, Aramaixo Bizirikekin batera, martxan jarritako sinadura bilketa arrakastatsua izan da, 600 sinadura baino gehiago jaso dira. Horrek esan nahi du herritarren gehiengo zabal batek bat egin duela Udalak “EZ GAUDE ADOS” izenarekin aurkeztutako mozioarekin.
  • Legealdi honetako udal gobernuko eta Aramaixo Bizirikeko kideak agertu dira, aurreko legealdiko gobernukideak ere bai, prozesuak denon babesa duela erakusteko.

 

Aramaion, 2024ko urtarrilaren 30ean. Aramaioko Udalak Aztikerren gidaritzapean 2023an martxan jarri zuen ikerketan, Itsaraz proiektuaren aurrean herrian zegoen iritzia jaso zen. Emaitzek erakutsi zuten herritarren artean Statkraftek instalatu nahi duen parke eolikoarekiko kontrakotasun handia zegoela, eta haren ondorioz, Udalak mozio testua aurkeztu zuen azaroan “EZ GAUDE ADOS” izenpean. Testuarekin bat egiteko sinadura bilketa aktibo egon da abendua eta urtarrilean; 16 urtetik gorako herritar orok parte hartu ahal izan du, eta 633 sinadura bildu dira. Prentsaurrekoan hitz egin dute Asier Agirrek, Aramaioko alkateak, eta Oihana Ameskuak, Aramaixo Bizirik herri plataformako kideak.

Balorazio oso positiboa egiten dute eta prozesu honetan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete. Prentsaurrekoan azpimarratu dute, sinadura bilketa arrakastatsuak erakutsi duela Aramaioko herritarrek ez dutela makroproiektu hori nahi haien mendietan, eta inondik inora ez daukala herritarren babesik. Hori kontuan hartuta, Aramaiotik, proiektuaren sustatzaile nagusi den Statkraft-i eta Krean-i, dagokion neurrian, eskatu diete bertan behera utz dezatela proiektuaren egikaritza.

Trantsizioaz ari garenean, zertaz ari garen galdekatu dute: gakoa etengabe trantsizio energetikoa delakoan jartzea ikuskera murriztailea dela, eta eraldaketa ekosozialaz aritzeko orduan etengabeko hazkundea, energia kontsumo eredua, elikadura burujabetza… ere eztabaidaren erdigunera ekarri beharko liratekeela azpimarratu dute, biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia emanez. Gaur aldarrikapen hauek egin dira Aramaion, herrian egindako ibilbideak honaino ekarri dituelako, baina, haien irudirako, herriaren gainera erori den zentral eolikoaren auzia ez da kontu edo arazo lokal bat. Aitzitik, mendialdeko herri asko eta asko zeharkatzen dituen errealitatea da hau. Mendien zaintza eta babesa jendarte guztiari dagokio. Gehitu dute, ez dela bidezkoa Aramaio moduko herri txiki bati EAEko industria poligono eoliko handiena inposatzea eta ingurumen sentsibilitate altuko eremu bat guztiz txikitzea jasangarritasunaren izenean. Orain arteko esperientzietan oinarrituta, gainera, karbono emisioek gorantz jarraitzen dute berriztagarrien garapen zabalak izan dituzten lurraldeetan ere.

Amaitzeko, Aramaioko alkateak, Asier Agirrek, aipatu du bestelako trantsizio energetiko baten aldeko apustua egiten dutela Aramaion, uste baitute, bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko, etengabeko hazkundea eta energia kontsumo eredua eztabaidaren erdigunera ekarri behar direla, eta biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia eman behar zaiola. Horretarako, Aramaiok baditu nahikoa errekurtso eta aukera proiektu energetiko propioak garatzeko. Aitortu dute lan handia dagoela egiteko  eta energia-murrizte eta energia-autokontsumoari arduraz heltzeko konpromisoa hartzen dute, edozein kasutan ere, Aramaioko herriari egokitutako proiektuen alde lan egiteko apustu garbiarekin.