Pintura lehiaketaren balorazioa eta erakusketa
Igandean egin genuen XXXIV. pintura lehiaketa. Aurrez esan bezala, aldaketa-urtea izan da, eta nabaritu da parte hartzean.
Epe luzeko lehiaketa izan dugu lehenengo aldiz, eta pozten gaitu bertan 3 aramaioarrek saria irabazi izanak. Izan ere, hori izan da aldaketen arrazoietako bat, aramaioarren eta bailarako margolarien parte hartzea handitzea. Espero dugu datorren urtean margolari gehiago aurkeztea, badakigu eta herritar asko daudela inguruko herrietara pintura klaseetara joaten direnak.
Egun bakarreko pintura lehiaketan nabaria izan da parte hartzaileen jaitsiera. Badakigu apustu handia egin dugula, eta horrek aldaketa handia ekarri duela. Pena daukagu egunean bertan margotzera etorri direnak gutxi izan direlako, baina datorren urtean ere apustua mantentzea da udalaren asmoa. Parte hartu dutenen eta hartu ez dutenen, eta epaileen iritziak entzunda, badugu zer hobetu, baina, besteak beste, sari ekonomikoan ez dugu aldaketarik aurreikusten.
Umeen lehiaketari dagokionez, urtero bezala plazer handia izan da umeen parte hartzea eta daukaten sormen gaitasuna ikustea. Hemen ere, datorren urterako jaso ditugu hobekuntza proposamenak.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu epaile lanetan aritu direnei, goiz osoan zehar egindako lanagatik, eta baita aurrera begira egin dituzten proposamenengatik ere.
Lehiaketan aurkeztu ziren lanak ikusgai egongo dira Sastiñan.
- Noiz: urriak 16 eta 17, 18:30etatik 19:30etara.
