Ordenantza fiskalean jasotzen diren tasa eta zergak eguneratuko dira 2022an
Pasa den astean egin zen plenoan onartu bezala, hainbat tasa eta zerga eguneratuko dira 2022an.
Honako hauek izango dira aldatu eta egunerako direnak: hiri hondakinen tasa, bideen erabilera tasa, ura/saneamendua tasa, ibilgailuen gaineko zerga, eta ostalaritzarako jabetza eta erabilera publikoko lurzoruak okupatzeagatik tasa.
Ogasun batzordeak onartu zituen aldaketak eta plenoak berretsi ditu guztiak. Oinarrian, azken urteotako egoera jasotzen duen txosten ekonomikoa hartu da eta horren arabera eguneratu dira datorren urtean indarrean sartuko diren tasak.
Arrazoiak eta aldaketak
+ HIRI HONDAKINEN TASA
Ordenantza hau 2017an berriztu zen guztiz eta berria 2018an jarri zen martxan. Berrizte horretan ordaintze tasak gehiago zehaztu ziren eta urteak zeramatzanez igoerarik izan gabe, eta Jundizeko hondakinen tasa asko igo zenez, %25eko igoera aplikatu zen. Ordutik, %4ko igoera bat egin zitzaion, 2020tik aurrera aplikatu zena.
Baina tasa honek momentu honetan, hondakinek sortzen duten gastuaren %61a soilik estaltzen du. Zerbitzu honen gastua Jundizeko hondakinen tasak asko baldintzatzen du, eta hondakinak penalizatu eta murrizten joateko betebeharrek, azken urteetan igoera ezberdinak izatea ekarri dute.
2022ra begira, oraindik ez du Gasteizko Udalak igoera definitiborik onartu baina aurreratu digute %3ko igoera dela proposatzen dutena.
Guzti hau kontuan izanda %7ko igoera egitea proposatzen da, 2021 eta 2022ko Jundizeko tasaren igoerei aurre egiteko.
+BIDEEN ERABILERA TASA
Ordenantza honetan jasota dagoena betetzeko, KPI igoera egitea proposatzen da. KPI aurreikuspena %2,7 dago, igoera hori egitea proposatzen da.
+ URA/SANEAMENDUA TASA
Ordenantza hau, 2017an aldatu zen guztiz eta gaur egunera egokitu zen, sistema bera guztiz aldatuz. Ordutik ez du modifikaziorik izan. Gastuak areagotu egin dira eta prezioak igo azken urte hauetan.
Hori dela eta, urteko KPI aurreikuspena %2,7an dago, igoera hori egitea proposatzen da.
+ IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA
Ordenantza hau 2012an aldatu zen guztiz, ordaintze tarte ezberdinak ezarriz. Ordutik bi aldiz bakarrik igo da, 2014ean eta 2020an, urteko KPIa aplikatu zen.
Hori dela eta, urteko KPI aurreikuspena %2,7an dago, igoera hori egitea proposatzen da.
Eta kotxe zaharren hobaria kentzea proposatzen da, kotxe klasiko ofizialek salbuespena dute jada ordenantzan jasota, beraz kotxe zaharrek kutsatzen duten guztia kontuan izanda kentzea proposatzen da.
+ JABETZA ETA ERABILERA PUBLIKOKO LURZORUAK OSTALARITZARAKO NOLA OKUPATU ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA TASA
Atal honetan, jatorrizko idazkeran honako aldaketak proposatzen dira:
6. artikulua. Azalerak okupatzeko baldintza orokorrak. 3. puntuaren jatorrizko idazkera:
“3. Ez da honako hauetan terrazak ezartzeko baimenik emango: galtzadan edo iraunkorki aparkatzeko edo antzeko beste erabilera batzuetarako finkatutako espazioetan, larrialdiko irteeren aurrean, atarien irteera aurrean, pasabideen aurrean edo ezinduentzako aparkalekuen aurrean.”
Idazkera proposamena: 3 atalaren idazkera berria:
“3. Ez da honako hauetan terrazak ezartzeko baimenik emango: larrialdiko irteeren aurrean, atarien irteera aurrean, pasabideen aurrean edo ezinduentzako aparkalekuen aurrean.”
Eta horrez gain, 7 atal berria sortuko da:
“7. Salbuespenezko kasuetan soilik emango da baimena terraza ezartzeko, galtzadan edo iraunkorki aparkatzeko edo antzeko beste erabilera batzuetarako finkatutako espazioetan. Hirigintza batzordeak erabakiko du, kasuan kasu, salbuespen izaeratzat jotzeko dagozkion baldintzak betetzen diren edo ez.”