Oletako ur edangarriaren sistema berriro martxan
Abuztuaren hasieran izandako lapurreta eta gero, azken hilabete honetan ur ez edangarria izan dute oletarrek. Baina dagoeneko egokitu da sistema (alokatu den generadore batekin) eta momentu honetan edangarria da.
Ahalik eta azkarren konpontzeko ahalegina
Abuztu hasieran, 1-2, Oletako batzar administratiboari ur edangarria ematen dion sistema guztia lapurtu zuten, bai potabilizatzeko sistema eta baita argindarra ematen zion generadorea. 18.316,98€tan baloratu du Hidrocontrol enpresak lapurtutakoa.
Salaketa jarri zen eta gutxienez ura bideratu etxeetara nahiz eta edangarria ez izan. Abuztua eta koronabirusaren kontuarekin gauzak asko atzeratu dira, baina azkenean aurreko astean potabilizatzeko makina (6.746,96€) berri bat jarri zen eta legeak ezartzen dituen osasun analisi eta froga guztiak egin eta ondo pasa ostean, atzotik ur potabilizatua dute berriro oletarrek.
Momentu honetan alokatutako generadore batekin dabil martxan baina asmoa da berriro lapurretak eta honek sortzen dituen arazoak ekiditeko, argindarra kablez eramatea bertara, honek gastu handia suposatuko du (10.091,5€ argindar kableak eramatea + 33.345,18€ obra zibila) baina aukera onena dela ikusi da hurrengo horrelakorik gertatzekotan kalteak askoz ere azkarrago konpondu ahal izango direlako eta, gainera, lapurretak ekidin ditzakelako, azken finean garestiena edota lapurgarriena argindar generadorea bera baita. Honetaz aparte zerbitzua bera hobetzen da horrela.
Ez usteko arazo potolo honek oletarrak hilabete ur edangarri gabe edukitzea ekarri du, aipatutako gastuaz aparte. Udalak asko sentitzen du sortu diren eragozpenak eta ahal izan duen azkarren jarri du berriro baldintza onetan ur sarea.
Gastuari dagokionez soberakinetik bideratuko da eta seguroarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan dago udala gastuari aurre egiteko dirua lortzeko.