Oharra: osasun neurrien azken dekretua dela eta
Pandemia hau hasi zenetik hainbat neurri gomendatu eta hartu dira birusaren hedapena geldiarazten saiatzeko. Neurri horiek goitik beherakoak eta orokorrean hiri edo herri handien arabera pentsatutakoak izan dira, gurea bezalako herrietan askok zentzua bera galtzen dutelarik.
Hala ere, Aramaioko Udala bere ardura denarekin neurrietara egokitu da eta helburua beti izan da, bere eskumenetatik eta berari dagozkion ardura esparruetatik, aramaioarren osasuna zaintzea. Pasaportearen neurrietara ere horrela egokituko gara, dekretuak ezartzen duen kasuetan, ekintza kulturaletan eta kiroldegiko ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da Covid19 pasaportea.
Gu ez gara osasunean adituak, baina hutsunearen eta ezjakintasunaren aurrean, ikasten eta modurik onenak topatzen ibili gara beti, eraikinen protokoloak egin eta etengabe egokitzen, herriko eragile ezberdinekin mila zalantzarekin gauzak egiten jarraitzeko bide seguruenak hausnartzen eta aurkitzen, …
Pasaportearen azken neurri hau ez gara baloratzen hasiko, baina ideologikoki sortu dituen kontraesan, haserre eta zalantza guztien jabe gara. Orain artean, ia 2 urte hauetan, esperientziatik, eraginkorrenak iruditzen zaizkigun 3 neurri hartuko ditugu ardatz guri dagozkigun barruko jardueretako kultur eta kirol esparruak seguruak izaten jarraitzeko. Maskara eta distantzien neurriari aireztapena gehituko diogu, karbono neurgailu batzuk erosi ditugu aireztapena bera airearen neurgailuek adierazten diguten airearen arabera egiteko.
Ekintza konkretuetan aire neurgailu bat egongo da eta egunerokotasunean liburutegian, kiroldegiko gimnasioan eta ludotekan ere bai.
Luze doa pandemia egoera hau, eta honi aurre egiteko oinarria, osasungintza publikoa da, gero eta ahulago eta murriztuago ikusten dugu. Horregatik, eskatzen dugu osasungintza publikoan behar besteko baliabideak jartzeko, behar beste aztarnari eta behar beste tresna hau guztion artean behingoan kontrolatzeko, gure osasun sistema eta langileak zaindu ditzagun.
Osasungintzaren hutsuneen aurrean, eskertzekoa da jendea zein ardurarekin jokatzen ari den orokorrean. Kasu askotan, osasun zentroekin harremanetan jartzeko zailtasunen aurrean, edota birusa izan dezakeen zalantzen aurrean, pertsonek beraien neurriak hartu dituzte eta elkarri abisatu… Komunitate ikuspegitik hau, zein beste beharren bat duenari laguntza edo babesa eskaintzea eta ematea, ezinbestekoa da, beraz, eskerrik asko denoi zentzu horretan! Herriko norbanako eta eragile askok hartu duzuen jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da.
Komunitate ikuspegitik ere, ezinbestekoa ikusten dugu, komunitatearen oinarri diren denon esparruak, denon artean zaindu eta babestea. Hori dela eta, herriko anbulatorioan mediku titularra faltan den bakoitzean jasaten dugunetik, edota gure mediku eta erizainak duten gainkarga eta egoeratik hasita, gure Debagoieneko ospitalean jasaten ari diren murrizketa eta kolapso egoera jasanezinen aurrean, lema honekin, kontzentrazio honetara deitzen ditugu aramaioarrak:
OSASUN PUBLIKOA BABESTU ETA INDARTU!
ABENDUAK 26, IGANDEA, ANBULATORIO PAREAN, 12:30tan