#NikEtxeanEsperimentuak jarri du martxan Elhuyarrek
Maiatzeko lau asteetan zientzia- eta teknologia-erronkak proposatuko ditu Elhuyarrek “irudimena eta neuronak astintzeko”. 10 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak batzen ditu ekimenak.
Nola parte hartu?
Astelehenetan hasi eta ostegunera arte, Elhuyarren Bizilabe-ren webgunean, eguneko erronkak egongo dira ikusgai, eta ostiraletan, euskal ikertzaile gazteei egindako elkarrizketak egongo dira ikusgai. #NikEtxeanEsperimentuak ekimenak zientzia- eta teknologia-erronkak proposatuko dizkie gazteei, eta ondoren, emaitzak sare sozialetara igotzeko gonbita egingo die.
Erronkak era askotakoak izango dira: “mezu sekretuak” desenkriptatzea eta enkriptatzea, hologramak sortzea, barazkietan dauden margoak erauztea, motorrik gabeko hegazkinak eraikitzea , naturari erreparatzea… Azaldu dutenez, orokorrean 10 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango diren arren, gurasoak haur txikiagoekin erronkak egitera ere gonbidatu nahi ditu Elhuyarrek. Ondoren, egindako erronkak sare sozialetan zabaltzeko deia egin dute, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.
Ikertzaileei elkarrizketak ostiraletan
Ostiraletan “hitzordu bereziak” egingo dituzte, izan ere, webgunean ikertzaile gazteei egindako elkarrizketak jarriko dituzte ikusgai. Elhuyarreko kideek azaldu dutenez, solasaldien helburua ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzea da, batez ere, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko.
Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak izango direla aurreratu dute, elkarrizketetan ikertzaile horien “pasioa eta ezagutza” transmititzen saiatuko direlako, hain zuzen ere. Maitane Alonso Monasterio medikuntza-ikaslea, klima-aldaketaren ikerketan dabilen Naima El Bani Altuna eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituen Itziar Garate López astrofisikaria izango dira elkarrizketatuetako batzuk.