Nekatuta, aspertuta, nazkatuta,…

Atzo, urtarrilaren 11, Aramaio pintadez josita agertu zen; Udaletxean, Kultur-etxean, Sastiñan,… eta  beste pareta pribatu askotan.

Pintada horiek, orohar, Covid pasaportearen aurkakoak dira, irakurtzen denez. Egia esateko, atsekabe handiz hartu dugu herria horrela ikustea.

Udal hau pasaportearen aurka agertu da, eta baita goitik ezarri zaigun kudeaketa eskas honekin kritiko; lege, agindu eta dekretu bakoitzak zekarrena osotasunean landu eta tratatzen ahalegindu da hasieratik.

Udalek dauzkaten eskumenak dauzkate, eta eskumen horiek garatzeko beharrezkoak diren baliabideak. Nahiz eta ez ditugun sekula behar beste izan gure txikitasunean.

Osasungintza ez da udal eskumen bat, Covid pasaportea ezartzea udal eskumena ez den moduan. Hala ere, udalak hasiera hasieratik herriko eragile ezberdinekin batera, iritzi, bizipen eta zirkunstantzia ezberdinen arteko bizikidetza eta oreka mantendu nahian, ahalik eta hobeen eramaten ahalegindu da pandemia honen  kudeaketa, gure errealitatera egokituz, geure neurrira ekarriz eta denok, egunerokoa ahalik eta era bizigarrienean, seguruen eta osasuntsuan garatu ahal izateko malgutasunez.

Gurea udalerria txikia da, eta zinegotziok, esparru ezberdinetan ardurak dituzten beste hain herritar moduan, gure ahalegin zintzoenaz dihardugu, neurriak gure txikitasunera egokituz, elkar zaintzeko eta herria bizirik mantentzeko helburuarekin, elkarbizitza komunitario batean oinarrituta, ahalik eta bizitza kultural, sozial… aberatsena izan dezan, testuinguru honetan ere, herri osasuntsu batek hori ere behar beharrezkoa du eta.

Osasun sistema indartu eta mantendu beharra ere behin baino gehiagotan azpimarratu dugu, pandemia aurretik ere hamaika arazo izan ditugulako osasun zerbitzuarekin. Horren harira, kontzentrazio bat deitu genuen anbulatorio parean abenduaren 26an.

Eta hala ere, batzuek beraien ezinegona herriaren kontra eginez adierazi dute, herriko eraikinak, herriko eskumenak ez diren “aldarrikapenez” betez. Uste dugu hau egin duten pertsonek edo ez dakitela nola funtzionatzen duen sistemak edota berdin zaiela gainontzekoei sortzen diguten min eta ezinegona.

Guztiok gaude oso nekatuta, aspertuta, nazkatuta,… ia 2 urte daramatzagu pandemia egoeran. Bi urte hauetan sistemaren eta gure bizimoduen gabeziak eta hutsuneak azaleratu dira modu oso nabarmenean eta are eta ikusgarriago bilakatu dira gizartearen erronkak. Herritarrok fokoa jartzen asmatzen badugu, badugu non presio egin eta badago zer borrokatu. Badugu zer egin eta bagara nor. Eta horretarako gizartean elkarrizketa indartu behar da. Elkarrizketak, ordea, ahalegin kolektiboa eskatzen du, sosegua, gogoa eta arrazionaltasuna, besteak beste. Bizi izan dugun guztiak, pasaportea tarteko, gizartean pitzadurak sortu ditu eta emozionalki tentsioa eragin. Eta guk honen aurrean elkarbizitza osasuntsu eta orekatu baten alde lanean jarraituko dugu.

Aldarrikatzea zilegi da, noski, baina dagokionari, dagokion moduan eta dagokion lekuan, eta  herriari kalte egin gabe. Eta aldarrikapenak eta askatasuna era kolektiboan ez badira ulertzen eta lantzen, uste dugu ez daukatela ez zentzurik, ez baliorik.

Albiste gehiago →