Lorabarri asteko ekintzak gaur hasiko dira
XIII. Lorabarri astea gaur hasiko da Aramaion. Urtez-urtez, hitzaldi, ikastaro eta tailer ezberdinak antolatzen ditu Aramailur Kontsumo Elkarteak.
Hauek dira aurtengo ekintzak:
- Maiatzaren 8an, 18:00etan, Sastiñan: nekazaritza sintropikoa eta baso jangarriei buruzko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute Aner Garitaonandia eta Iñigo Arruabarrenak: Baso jangarriak lantzeko teknika bat da nekazaritza sintropikoa, permakulturaren barruan kokatzen dena. Bill Mollison eta David Holmgrenek garatu zuten baso jangarrien inguruko teoria eta teknika, nahiz eta gizakia asentamentu bila hasi zenetik aritu den zuhaitz batzuk aukeratzen eta basoak diseinatzen. Ernst Goschek beste teknika batzuk ikertu eta garatu zituen baso jangarriak diseinatu eta landatzeko eta horri nekazaritza sintropikoa deitu zion. Lurreko baldintzak hobetuz emankortasuna hobetzea da helburu nagusiena. Hazkuntza azkarreko landareak erabiltzen dira hauek kimatuz lurra emankorrago bihurtzeko eta elikadurara bideratuko diren fruta-arbolen beharrizanak asetzeko. Agrokimikorik gabeko teknikak erabiltzen dira eta baso erresiliente eta emankorrak ditu helburu. Teknika hau, neurri batean berria da gure inguruan eta oraindik adibide gutxi daude baina aldi berean urte luzez erabilitako maneiuak batzen ditu.
- Maiatzaren 10ean, Bixente Goikoetxea plazan: azoka, 11:00-14:00 ordutegian. Bertan eskuragai izango dira orturako landareak, gazta, ardoa, olioa, arbendolak, ortuariak, gozoak, edari hartzituak, kosmetika, artisau lanak, bidezko merkataritza…
- Maiatzaren 10ean, 19:30etan Kultur etxean: “Ganado o desierto” dokumentala proiektatuko da, 2022an MetaforaVisual ekoizetxeak sortutako lana da. Emanaldiaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia izango da eta amaitzeko, kultur etxeko sarreran, modakutxoa jateko aukera. Azken aldian Euskal Herrian arrakasta izan duen “Vidas irrenovables” dokumentalaren egile berak dira. “Abereak ez dira etsaiak, etorkizuneko gakoa baizik”. Gaur egun, abeltzaintza jotzen da klima-aldaketaren, baliabide naturalen degradazioaren eta osasun publikoko arazo larrien funtsezko kausatzat. Imajinario kolektiboan, gero eta indar handiagoa hartzen ari da ingurumen-gai askoren konponbidea, besteak beste, larrialdi klimatikoarena, haragiaren, arrautzen eta esnekien kontsumoa murriztea edo ezabatzea dela dioen ideia. Babestutako ekosistema naturalak kontserbatzeko eta nekazaritzako ekosistema produktiboak leheneratzeko irtenbide bideragarri bakarra abeltzaintza erabiltzea da. Natura modu adimentsuan imitatzea beste aukerarik ez dago, hori baita etorkizunean aurreikusi ezin daitezkeen eta nahi ez diren ondorioak sortzen ez dituen apustu bakarra. Trailerra ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=o5ETKVkMVfg
- Maiatzaren 11an Andramariko eskailerak garbitzeko auzolana 10etan. Adin guztietako herritarrentzako ekintza izango da, askorentzako paseorako eta aisialdirako den ingurune hau txukuntzeko eta atseginago egiteko.
