Kultura etxea eta Kiroldegia erabiltzeko protokoloak landu dira

Kultura etxeko liburutegi eta ludoteka zerbitzuak ireki ziren ikasturtearekin batera eta Covid-19ra egokitutako protokoloak landu ondoren, beste erabilera batzuk ere irekitzen doaz. Esate baterako areto nagusiak bi erabilpen mota ditu: aste barruan umeen zain egon daiteke bertan (besterik ez badago aurreikusita) eta asteburutan ekitaldiak eta zine emanaldiak izango dira bertan.

Horrez gain, kultura etxean herriko taldeen lokalak kokatzen dira eta hauek erabiltzeko aukera ere ematen da, beti ere aforoa eta segurtasun neurriak errespetatzen badira. Bestalde, hasi dira gela ezberdinetan eskaintzen diren klaseak ere, ingelesa eta euskara adibidez.

Kiroldegiari dagokionez, ez ditu izango ateak irekita, orain arte bezala. Eta aurretik Udalarekin adostutako erabilerak izango dira bakarrik, bai kantxan eta bai bertan kokatzen diren bestelako geletan.

Bai kultura etxea zein kiroldegia erabiliko duten talde ezberdinek adostasun orria sinatu beharko dute, protokoloak jaso eta hauek betetzeko konpromisoa hartzen dutela adieraziz.

Udalak azken hilabeteak eman ditu protokolo ezberdinak lantzen eta horregatik ari dira zerbitzuak ere poliki-poliki irekitzen eta martxan jartzen. Bitartean, herriko taldeen eta herritarren eskaerak jaso eta bideratu dira, guztien beharrak kontuan hartu eta, ahal den neurrian, asetzeko. Horregatik, Udalak eskerrak eman nahi die herritarrei, oro har, izan duen jarrera positiboagatik!

Protokoloak kontsultatzeko: Jarraibideak eta protokoloak 

 

Albiste gehiago