Korrika Eguna Aramaion ostiralean
Martxoaren 23ko lehen orduetan sartuko da Korrika Debagoienan Gatzagatik; Araba eta Gipuzkoa arteko mugan dauzkagu Aramaioko kilometroak. Hori dela-eta martxoaren 22an Korrika Eguna antolatu da herriko eragileen artean. Goizetik hasita gauera arte askotariko ekintzak daude antolatuta.
Kantuz hasiko dugu eguna, Alaiak elkartearen eta eskolako umeen eskutik. Ondoren, Korrika Txikia izango da; Iturzuritik hasita honakoa izango da ibilbidea: Santikurtz abadea, Nardeaga, Bixente Goikoetxea, Ibargoia, Aita Gabirel, P. Ignacio Barrutia, Nardeaga (Eki-Añai-eskola). Arratsaldeko 7etan, poteo kalejira hasiko da; herriko trikitilari eta dantzariek herriko bazterrak alaituko dituzte.
Horren ondoren, frontoian, 21:30etik aurrera, «zuk in zuk jan» afaria, bertso saioa, karaokea eta mikro irekia izango ditugu. Afarirako, mahaiak eta aulkiak Udalak jarriko ditu. Bestalde, karaoke zein mikro irekian parte hartzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak; nahi izanez gero, musika instrumentuak ere ekarri!
Gogoratu hauek direla Aramaioren kilometroak:
- 2.235 km: Landako bidegurutzean hartuko dugu lekukoa, 01:54ean.
- 2.236 km: Araba eta Gipuzkoa arteko mugan hartuko dugu lekukoa, 02:03an.