Koronabirusa dela eta Aramaioko Udalak hartu dituen neurriak

Eskuak behar bezala garbitu

Aramaioko Udalak jakinarazten du, ikusirik osasun sailaren gomendioak eta eskola eta haurreskola bera ere itxi dela, honako neurriak hartu dituela koronabirusa gehiago ez zabaltzeko:

KULTUR-ETXEA eta KIROLDEGIA: ITXITA geratzen dira eta bertan egiten diren ekintza guztiak ere bertan behera geratzen dira martxoaren 23a arte. Martxoaren 23an osasun sailaren gomendioen arabera jakinaraziko da irekiko diren edo ez eta noiz eta nola.

JUBILATUEN ETXEA eta GAZTE LOKALA: kultur etxeko lokalak izateaz aparte, jendea biltzen den lekuak diren heinean, 23 arte ere itxita egongo dira.

EGUNEKO ZENTROA: Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen ari gara zentroaren kudeaketa eta momentuz zabalik mantentzen da baina neurri bereziekin. Kanpoko bisitarik ez da onartzen, anbulantzia egunero desinfektatzen da eta bertako langileek formazioa jaso dute edozein kasuren aurrean zer egin jakiteko.

SASTIÑAKO HILEROKOAREN ERAKUSKETA: Itur-zurikoekin neurriak hartu dira igande arte zabalik mantentzeko erakusketa. Barrura sartzen diren pertsona kopurua mugatua izango da.

FEMINISMO NEGRO HITZALDIA (MARTXOAK 13): atzeratzen da birusaren egoera hobetu artean.

BTT FROGA (MARTXOAK 15): igandean jokatu behar zen urteroko froga bertan behera geratzen da, Arabako Foru Aldundiak kirol froga guztiak bertan behera uzteko gomendioa egiten du eta.

Gainontzean, osasun sailaren gomendioak jarraitzea eskatzen da, zentzunaren barruan, taldekatze handiak, batez ere leku itxietan ekidin eta edozein sintomaren aurrean etxean geratu eta 900203050 telefonora deitu.

koronabirus-prebentzioa

Neurri hauek prebentzioaren barruan hartu behar dira, histerismoan erori gabe, zentzunarekin.

Albiste gehiago →