Jubilatuen Eguna zapatuan
Zapatu honetan, urriaren 28an, urriko azken zapatuan, Jubilatuen Eguna ospatuko da Aramaion urtero bezala.
Ostiral arratsaldean, parke pareko kale zatia itxiko da animalien kaiolak prestatzeko. Azoka larunbat goiz-eguerdian izango da Nardeagako kalean, eta bertan hainbat postu izango dira: herriko 20 postu eta kanpoko 20. Aurten, astoak, behorrak, behiak eta oiloak egongo dira.
Azokaz gainera, meza egongo da San Martin elizan, Bizente Goikoetxea abesbatza eta Papargorri abesbatzaren laguntzaz. Ibarrako elkarteek salda eta mokadutxo batekin hartuko dituzte hala nahi duten jubilatuak, eta herriko trikitilari eta dantzariek girotuko dituzte kaleak.
14:30ean bazkaria izango dute kiroldegian izen eman duten herriko jubilatuek eta, ostean, opari ezberdinak zozketatuko dira eguna borobiltzeko.
Eta nola ez, Jubilatuen Eguna dela-eta, herriko emakume eta gizon nagusienari oroigarri bana emango zaio omenaldi gisa. Aurten ere Fermin Etxebarria Elorza, Arraga auzokoa, eta Eustakia Agiriano Zuazua, suñarra izango dira omenduak.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie egun hau posible egiten duten guztiei, eta zapatuan egunaz gozatzeko gonbidapena egiten dio nahi duen orori.