Jarrai dezagun Aramaio bizi eta eraikitzen!
Ederra izan zen urtarrilaren 16a. Egun horretan jaso genuen Espainiako estatuak Itsasaraz parkeari eman beharreko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2025eko urtarrilaren 3ko Ebazpena. Eta, jada jakina denez, negatiboa izan da adierazpena. Hau da: azken urteotan hainbeste kezka eragin digun proiektu erraldoia gelditu egingo da.
Goiz osoan zehar, udaletxeko telefono eta mugikorrak zorion mezuz betetzen joan ziren. Eta nabarmendu beharra dago mezu horiek ez zirela gaur egungo udal gobernuarentzat bakarrik izan: herriko norbanako eta taldeek, aurreko udal gobernuak eta sai zuriak berak ere jaso zituen eskerrak. Beraz, gure aldetik, bidea egiten aritu zareten guztioi, eskerrik asko.
Denok dakigu zein den munduaren egoera: klima-larrialdian gaude, eta nahitaezkoa da gure energia-kontsumoari, energia berriztagarriei eta gaur egungo bizimoduari buruz hausnartu eta erabaki ausartak hartzea. Aramaion, proiektu erraldoi hau baztertu ostean, eraikitzeko ordua iritsi da. Behingoz, Itsarazen mamua gainean izan gabe, benetako eztabaida bat martxan jartzeko aukera dugu.
Eta proposamen batekin batekin gatoz. Otsailaren 5ean 18:00etan, Energia Komunitateen inguruko mahai ingurua antolatu dugu udaletxeko pleno aretoan. Martxan diren tokiko energia komunitateen esperientziak entzuteko aukera izango dugu bertan: besteak beste, Goienerreko kide bat, Elgetako energia komunitateko kide bat eta Otxandioko energia komunitateko kide bat etorriko dira.
Jarrai dezagun Aramaio bizi eta eraikitzen!
Argazkia: Seo BirLife
