HORRELA EZIN DA JARRAITU

Orain dela gutxi, parkean aramaioarrek beren eskuz egindako bankuari egindako kalteen berri eman genuen. Pintaketak ere ohikoak dira asteburuko gauetan. Oraingoan, joan den zapatuko ilunkeran egindako eraso larrien berri ematera gatoz. Nahita eragindako kalteek maila bat gora egin dute.

Alde batetik, eskolan, igogailuaren ondoan, sua egin zuten; horrez gain, jangelaren ondoko komunetako atea apurtu dute. Ez da hori egiten duten lehenengo aldia.

Horrez gain, eta aurrekoari garrantziarik kendu gabe, benetan kezkatzekoa den beste zerbait ere gertatu zen zapatuan. Eskolaren atzealdean biomasa-galdara jartzeko lanean dihardute langileek, eta beraien eskabadora frontoiaren ondoan zegoen aparkatuta. Bada, eskabadoraren erregaiaren deposituan harea bota dute, eta instalazioko kableak moztu dizkiote. Horrek ondorio zuzen bat du: Eskabadoraren jabea, langile autonomoa, lanerako erremintarik gabe gelditu da denbora luze batez.

Bestalde, biomasa-galdararen obra 500.000 € inguruko inbertsio bat da, 250.000€ko dirulaguntza du. Ekainaren bukaerarako galdara martxan ez badago, dirulaguntza galduko litzateke. Horrelakoetan ohikoa denez, epeak oso justuak izaten dira; kalteen ondorioz, baliteke dirulaguntza hori galtzea, eta udalak diru-kopuru oso a jarri beharra izatea.

Susmo irmoa dugu kalte hauen egileak adin txikiko gaztetxoak direla. Ez gara errepikatzeaz nekatuko: mezu zuzen bat bidali nahi diegu kalteak egin dituztenei, jabetza publikoaren eta pribatuaren aurkako erasoak egiteak dituzten ondorioez ohartu daitezen. Eta adin-tarte horretako seme-alabak dituzten gurasoei, etxean gaiaz hitz egiteko eta egoerak eskatzen duen hausnarketa egiteko eskatu nahi diegu. Egindakoak eragin nabarmena izan du biomasa-galdararen instalazioan lanean ari diren langileengan, eskola komunitatean, eta aramaioar guztiongan. Eta eragin nabarmena izan dezake kalteak egiten aritzen direnengan ere.

 

Albiste gehiago →