«Haurren aurrean, helduok heldu», Aramaion
Aurten ez da Euskaraldirik egongo (2022ko udazkenean izango baita), baina, ekimen interesgarri bat jarri da martxan, Euskal Herriko hainbat udalerri eta gunetan egingo dena: HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU ekimena.
Bere baitan, Aramaion Jolas Molaz tailerra ere izango da guraso eta haurrei zuzenduta.
- Zer da, zehazki?
Haurren zuzeneko heldu erreferenteek, (guraso, hezitzaile, senide, lagun…) beraien arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.
Bi jomuga nagusi ditu:
- Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea (umeei zuzentzerakoan baino, bereziki eta batez ere, helduak beraien artean hitz egiten dutenean).
- Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea.
- Noiz eta non egingo da?
Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean, eremu informaletan (parkeak, plazak, terrazak, etxea…) gauzatuko da ekimena. Parte hartu nahi dutenek erabakiko dute beren hizkuntza-praktikak non aldatu.
- Nola egingo da?
– Ez da izenik eman behar. Ekimenarekin bat egiten dutenek aukeratuko dute hizkuntza-praktikaren aldaketa norekin martxan jarri.
- Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz).
- Lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin.
- Kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere.
Jolas Molaz
Aramaion Jolas Molaz tailerra izango da datorren abenduaren 1ean, Kultura etxean.
Ekimen hau, Euskararen Egunaren egitarauan kokatzen da.
Hartu kontuan:
- Eguna: abenduak 1
- Ordua: 17:00
- Helburua: euskarazko mahai-jolasak ezagutu eta jolasteko aukera izango da, familian.
- Nori zuzenduta: 3-12 urte bitarteko haurrei eta bere gurasoei.
- Anima zaitezte, eta eman izena: udaletxean edo liburutegian.