Guztion ardura da hondakinak murriztu eta ondo kudeatzea

ARAMAIOKO UDALA

HONDAKINAK MURRIZTU ETA ERA ARDURATSUAN KUDEATZEKO KANPAINA ETA HONDAKINEN LEGE BERRIAREN AFEKZIOAK

Aramaioko Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat bultzatu du, sortzen ditugun hondakinak murriztearen eta behar bezala kudeatzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzen laguntzeko. Azken finean, pertsona guztiok, kontsumitzaile garen heinean, erantzukizun indibidual eta kolektiboa dugu gure ingurunea zaindu eta babestearen alde, bai eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko ere.

Testuinguru horretan, gure kontsumo-ereduak garrantzi handia du, eta ahaleginak egin behar ditugu ontziratutako produktuak saihesteko, plastikoaren erabilera zein kontsumoa ahalik eta gehien mugatzeko eta abar. Hondakina sortu ondoren, garrantzitsua da modu egokian kudeatzea; horretarako, bilketa selektiboko edukiontziak erabiliko dira, eta, biohondakinen kasuan, auzo konpostajeko nahiz etxeko/banakako konpostaje guneak.

Ildo horretan, egindako azterketen arabera, hondar frakzioaren edukiontzietan (edukiontzi grisa) utzitako hondakinaren % 50 inguru jatorri organikoko hondakina da, eta modu errazean kudeatu ahalko eta beharko litzateke eskura ditugun konpostaje-aukeren  bidez (etxekoa/banakakoa eta komunitarioa). Hain zuzen ere, hondar frakzioa da  (edukiontzi grisean uzten dena) gutxien sortu beharko litzatekeen hondakin-frakzioa, eta hori murrizten saiatu behar dugu kosta ahala kosta, ondorengo kudeaketan sortzen diren zailtasunak direla eta.

Jakin behar dugu hondar frakzioaren edukiontzian bildutako hondakin guztiek oso kudeaketa garestia dutela gerora, bai ingurumenari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez. Ingurumenaren ikuspegitik, hondakin horiek tratamendu-planta batera bideratzen dira; bertan, hondakin mota desberdinak bereizten saiatzen dira, baina lortzen den bereizketa ehunekoa oso txikia da, eta hondakin horren zati handi bat zabortegira bidaltzen da azkenean.

Ekonomiari dagokionez, Hondakinei buruzko Estatuko Lege berria indarrean sartu ondoren (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa ekonomia zirkular baterako), neurri fiskalak ezarri dira, eta, horien bidez, beste zerga bat aplikatzen zaie zabortegira bidaltzen diren hondakinei. Hau da, plantaren berezko kudeaketa kostuaz gain −udalerri bakoitzeko hondar frakzioa jasotzeagatik sortzen dena− kontuan hartu behar da plantan berreskuratu ezin den kopurua (gutxi gorabehera % 40) zabortegira bideratzen dela, eta 30 €/T-ko zerga berria aplikatzen zaiola. Zerga horren helburua da hondakinen kudeaketa txarra zergapetzea, eta administrazio eskudunek (udalek) beharrezko neurriak zein ekintzak garatu behar izatea beren udaletan jasotzen den hondar frakzioa ahalik eta gehien murrizteko. Frakzio hori tratamendu-plantara bideratzen da, eta, ondoren, errefusa zabortegira, horrek dakartzan kalte ekonomikoekin.

Beraz, udalek gero eta gehiago ordaindu beharko dute gaika biltzen ez den edo in situ kudeatzen ez den hondakinagatik (biohondakinen kasua). Jakin behar dugu gastu hori aramaioar guztien ekarpenetik ateratzen diren udal-aurrekontuekin ordaintzen dela, eta, beraz, kostu berri horiei aurre egiteko gastatutako dirua ezin izango da inbertitu herritarren bizi-kalitatea hobetzen duten bestelako ekintza, zerbitzu edo proiektuetan.

Beraz, lehenik eta behin, guk geuk sortzen ditugun hondakinekiko erantzukizun indibidual eta kolektiboagatik, gure ingurunearekiko eta ingurumenarekiko errespetuagatik, eta baita arrazoi ekonomikoengatik ere, zure hondakinak murriztu, berrerabili eta beste aukerarik ez dagoenean, ondo birziklatu!

Danon mesederako izango da!