Gizarte zerbitzuetako azken datuen errepasoa
Gizarte zerbitzuetako datuak jasotzen dira urtetik urtera eta azken datuen arabera, honako ondorioak atera daitezke, 2021ari dagokionez.
Gizarte zerbitzuetan 183 pertsona atenditu dira. Familiak hartzen badira kontutan, 101 etxebizitza edo familiaren beharrei erantzun zaie.
Dependentzia-mendekotasunarekin lotutako zerbitzuei dagokienez, honako datu hauek har daitezke kontuan:
- Guztira 73 pertsona atenditu dira, behar desberdinekin.
- 28 pertsonek jaso dute etxeko laguntza.
- Eguneko zentroan 8 pertsona daude, eta dituen plaza guztiak beteta daude. 2021ean 10 pertsonek erabili dute zerbitzua.
- Arabako Foru Aldundiarekin hitzartutako plazak direla eta, Aramaiori 4 plaza dagozkio, Aramaiotik kanpoko eguneko zentroan, mendekotasuna duten pertsonentzat. Eta beste 4 plaza Aretxabaletako GSR egoitzan. Pasa den urtean zehar, 3 pertsonek erabili dute lehendabiziko zerbitzua eta beste 3 pertsona egon dira egoitzan.
- Teleasistentzia zerbitzua dela eta, 24 orduz bermatzen da arreta erabiltzeak duen pulsadore edo medalla baten bitartez. Kasu honetan, 2021ean 6 eskaera tramitatu dira eta guztira, 42 pertsonek erabili dute zerbitzua.
- Mendekotasuna duten pertsonei bideratuta, diru-laguntza lerro bereziak sortzen dira, etxean bertan laguntza emateko edota pertsonak jasotzen duen zerbitzua ordaintzeko. Lehen kasuan, pasa den urtean zehar 26 pertsonek jaso dute beraien etxean zaindaria izateko laguntza. Eta bi pertsonek jaso dute laguntza Eguneko zentroa edo egoitza zerbitzua erabiltzeagatik.
- Egoitzan egonaldi motza izateko aukera eskaintzen da, kasuaren arabera. Gizarte langileak kudeatuta, bi pertsonek egin dute zerbitzuaren eskaera 2021ean.
Hauez gain, gizarte zerbitzuetatik beste hainbat zerbitzu kudeatzen dira: arrisku eta/edo gizarte-bazterketako egoeran dauden kolektiboentzako laguntza; haurtzaroan antzemandako beharrak; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak; ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak, prestazio ekonomikoak…
Edozein kasutan, edonork honako zerbitzuaren beharra duela somatzen badu, onena gizarte langilearekin harremanetan jartzea da.
Kontuan hartzeko datuak:
- Gizarte langilea: Leire Espinosa Casanueva
- Ordutegia:
- Asteazkenetan (09:00-13:00)
- Ostiraletan (09:00-13:00)
- Aurretik txanda hartu behar da, telefono hauetan:
- 945455011 (astelehen eta ostegunetan)
- 945430460 (astearte, asteazken eta ostiraletan)