Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpen instituzionala

Hona hemen UEMAko (Udal Euskaldunen Mankomunikatea) herriek Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionala:

 

Euskara eta bidea

Euskararen Nazioarteko Eguna, 2023.
Adierazpen instituzionala

Euskaldunak gara, euskaraz gara, eta hori da gure herrien nortasunaren ezaugarri
esanguratsuenetakoa: udalerri euskaldunak gara. Mendeetan zehar gure hizkuntza zamatu duten
debeku, eraso, jazarpen eta erabakien gainetik, aurten bertan ezagutu ditugun datuek argi diote:
oraindik ere gure herritarren gehiengoa euskalduna da, beste inon baino sendoago dago gurean
euskara, eta udalerri euskaldunak gero eta gehiago dira. Gurean ere asko aldatzen ari da erreliatea,
ordea, eta egiteko konplexuak dauzkagu aurretik; hala ere askoren artean urte askoan egindako
lanaren uzta ageriko da: ezagutzak gora egin du, gero eta euskaldun gehiago gara, eta horrek ekarri
du udalerri euskaldunen lurgunea handitzea, besteak beste.

Euskararen Nazioarteko Eguna, urtero, zer garen gogoratzeko eguna izan ohi da. Herri honek
munduari ematen dion kolorea euskara dela esateko eguna. Harrokeriarik gabeko harrotasun eguna.
Ospakizuna. Aurten, ordea, lanbrotuta ditugu bazterrak. Hilabetez hilabete ainubera kondenatu nahi
izan gaituzte. Behin eta berriro. Euskararen aurkako erasoek ez dute etenik izan, eta epaitegietatik
heldu den oldarraldiak marra gorriak gainditu ditu, euskararen beraren ofizialtasuna ere zalantzan
jartzeraino.

Euskal jendarteak eta euskal erakundeek urte askoan kontsentsu zabalarekin egindako bidea
mugatu nahi izan dute. Udalerri euskaldunek bertako hizkuntza biziberritzeko eta euskara dagokion
lekura itzularazteko egiten ditugun urratsak debekatu nahi dizkigute. Gazteleraren makulupean
ibiltzera eta bigarren mailakoak izatera behartu nahi gaituzte. Baina euskara da gure herriko hizkuntza
propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko beharra daukagu udalerri euskaldunek.

Izan ere, erakundeei eredu izatea dagokigu. Herritarren eredu. Ahalegin eta konpromiso
handiari esker, larrekoa nahi zuten hizkuntza noranahikoa izatea lortu du herri honek, eta ezin dugu
zabaldutako bidean atzera egin. Berdatzen hasitako basoa berriro lehortzea onartu. Horregatik,
udalerri euskalduna garen heinean, adierazpen honekin bi konpromiso ezagutarazi nahi ditugu.
Batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide-
urratzaile izateko konpromisoa. Bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege-babesa lortzeko lanean
gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa.

Gaur egungo atakari aurre egiteko benetako lege-orubea behar baitu euskarak, erdaren
erauntsiari aurre egiteko egiturazko neurri sendoak behar dituen bezala. Dagokigun arduratik, horiek
lortzeko lanerako eta elkarlanerako ordua dugu orain erakundeok, inoiz baino gehiago. Euskararen
lurgunea handitu dela esateaz gain, euskararen lurgunea sendotu ere egin dela ikus dezagun hurrengo
urtean. Izan gaitezen eredu. Lehenetsi etorkizuna. Erakutsi eguzkia ainubean denari. Eman diezaiegun
euskara eta bidea herritarrei.

2023ko abenduaren 3an