Euskararen Eguneko ekintzak badatoz!

Nahiz eta Euskararen Eguna dagorren abenduaren 3an ospatuko dugun ofizialki, Aramaion egitaraua osatu dugu eta aste honetan bertan hasiko dira ekitaldiak.

Azaroaren 28an, BIKOIZKETA lehiaketa egingo dugu ostegunean. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera kultura etxean. Bertan izango dira ume, gazte zein heldu. Aukeratu duten pelikulari soinua kendu eta elkarrizketak bikoizten.

Azaroaren 29an, ARNASA GARA ekitaldia ospatuko dugu. Bertan Aramaiori eta aramaioarrei nolabaiteko aitortza egingo zaie, arnasgune den aldetik eta hori lortzeko urtetik urtera egin den lanagatik. Gainera, «Kartzela» izeneko webserie ere ezagutuko dugu.

Abenduaren 1ean, HERRI LASTERKETA egingo da. Urtero bezala, ibilbide ezberdinak izango dira adinaren arabera. 12etatik aurrera, inportanteena ez da irabaztea izango, baizik eta parte hartzea. Plazatik irtengo dira ibilbide guztiak eta bertan amaitu.

Abenduaren 3an, EUSKARAREN EGUNA ospatzeko, San Martin eskolak hainbat ekintza antolatu ditu. Besteak beste, goiz partean kalera irtengo dira kantuan, Alaiak jubilatuen elkarteak lagunduta. Eta arratsalde partean ipuin kontalaria izango dute liburutegian.

Abenduaren 8an, RUPER ORDORIKAren kontzertua izango da. Arratsaldeko 7etatik aurrera, kultura etxean. Sarrerak aldez aurretik jarriko dira salgai, udaletxean eta liburutegian. 5 eurotan salduko dira eta ateratzen den dirua Aita Mari itsasontzian bizi duten egoera hobetzen laguntzera bideratuko da.

Albiste gehiago →