Errez kooperatibaren idatzia asteburuko kalteen aurrean
Asteburuan kalteak eragin dizkiote Errez kooperatibako ibilgailuari. Erasoaren aurrean idatzi hau kaleratu dute:
“Notizia garratza jaso genuen atzo. Norbaitek Errez-eko autoaren kristal guztiak txikitu ditu asteburuan: leihatilak, aurreko eta atzeko kristalak, faroak, atzerako ispiluak… baita kristalak garbitzekoak ere. Uste dugu Errez-en kontra propio eginiko ekintza dela hau, inguruan zeuden kotxeek ez baitute inongo kalterik jaso.
Bost urte pasa dira bestelako basogintza eredu baten aldeko bide hau hasi genuenetik, ilusioz, bertako basoak berreskuratzeko eta berauek modu jasangarrian ustiatzeko helburuari helduz. Ezagutzen gaituenak badaki Errez bezalako proiektu txiki bati kalte handia egin dakiokeela dituen baliabide material apurrak suntsitzeak.
Tristura izugarria sortzen digu honek guztiak. Etsigarria da. Oso gogorra. Baina, aldi berean, duela bost urte hasitako bide honetan berresteko beharra ere azpimarratzen digu. Beraz, zalantzarik ez izan, lanean jarraituko dugu.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gertaera honen aurrean ere babesa erakutsi diguzuen guztiei, ezinbesteko bidelagunak zarete.»
Aramaioko Udalak gertaera hau gogor gaitzetsi nahi du, eta eraso honen aurrean babes osoa erakutsi nahi dio Errez kooperatibari, eta bide batez, eskerrak eman egiten duten lanagatik.