Eremu ez-formalak, euskararendako beharrezko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, EAEko erakunde nagusiek adostutako adierazpen bateratuan azpimarratzen den beharretako bat da. Euskara lanabes, aro berrirantz leloarekin, euskal hiztunen lanari balioa eman nahi diote. Erakundeetako ordezkari desberdinak batu dira Oihaneder, Gasteizko euskararen etxean adierazpena sinatzeko, horien artean dago UEMA ere, eta zuzendaritzako ordezkari bezala izan da bertan Lierni Altuna.
Adierazpena
Beste gauza batzuen artean, adierazpenak aipatzen du «pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildoak eta sarea. Zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure egunerokotasunari. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietako bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea».
Gazteengan eragitea
Euskara lanabes, aro berrirantz leloarekin publikatu dute adierazpen bateratua, eta bereziki azpimarratu dute erabilera-eremu berrietan eta ez-formaletan euskarak izan behar duten garrantzia. «Euskararen bizi-indarra dugu jokoan; eremu formalez gainera, eremu ez-formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena», irakur daiteke. Eta, gazteengana heltzeko, aisialdi eta kirol eremuetan ipini gura dute fokua. «Nekez bilatuko genuke esparru egokiagorik gazteengana heltzeko, euskararen erabilera ez-formalari bultzada emateko».
Euskal hiztunen garrantzia
Eta, erronka berriak bilatzeko eta gauzatzeko bide horretan, erakundeek ez dituzte ahaztu euskal hiztunak. «Eredugarria da euskal hiztunen komunitateak egin duen lana; besteak beste, erabilerarekin zuzen-zuzenean loturiko presentzia delako euskarari benetako balio erantsia dakarkiona. Eta argi geratzen ari da erakunde publikook eskaini behar dugun ezinbesteko babes eta lidergotik, ekimen eta lankidetza publiko-pribatuaren eskutik lan egiten badugu, erronkaren neurriak ez gaituela beldurtu behar». Testua bukatzeko, bidean parte hartuko dutenei eskua luzatzen diete, «bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko». «Euskara prest dugu. Abia gaitezen. Guztion esku dago».