Emantzipatzeko laguntza gazteentzat

Emantzipa, 25 eta 29 urte bitarteko gazteei, biak barne, emantzipatzen laguntzeko diru-laguntza bat da. Hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere gastu bat egiaztatzen bada (alokairua, hipoteka edo etxebizitza libre baten mailegu pertsonala).

Hauek dira laguntza jasotzeko baldintzak:

  • 25-29 urte izan behar dituzu, biak barne.
  • EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, urtebete lehenagotik gutxienez, edo azken 10 urteetan 3 urtez jarraian erroldatuta egotea.
  • Errentamendu-kontratu baten titularra izan behar duzu, banaka edo errentakide gisa, edo salerosketa-kontratu baten titularra, banaka edo jabekide gisa, kontratu horrek hileko ordainketa ekonomiko egiaztagarria badakar.
  • Ezin zara ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten jabe izan.
  • Etxebizitzak laguntza eskatzen duzuenon ohiko egoitza iraunkorra izan behar du.
  • Ezin duzu familia-loturarik izan etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin (bigarren mailara arte).
  • Alokairuaren, hipotekaren edo maileguaren zenbatekoa banku-transferentzia bidez, Bizum bidez… ordaindu behar duzu.

Gainera, baldintza ekonomiko hauek bete behar dira:

  • Zerga-aitorpena banaka egiten baduzu: 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak.
  • Baterako zerga-aitorpena egiten baduzu: 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak.

Era berean, ezin dute 75.000 eurotik gorako ondarerik izan.

Etxebizitza partekatzen bada, gehienez 3 pertsonari emango zaie prestazioa.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20tik azaroaren 29ra bitartekoa izango da, biak barne.

Eskaera aurkezteko modurik errazena online egitea da, esteka honetan BakQ-rekin identifikazio elektronikoa eginez, baina aurrez aurre ere aurkez daiteke.

Baldintzei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia aurki dezakezue: www.euskadi.eus/emantzipa webgunean.

Kontsultei 945 015 591 telefonoaren bidez erantzungo zaie, edo emantzipa@euskadi.eus posta elektronikoaren bidez, edo GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren bidez.