«Elkano» eta «Gartxot» pelikulak gaur telebistan
Atzoko San Prudentzio egun “berezian” erosketak euskaraz egiteko gonbidapena zabaldu zuen “Etxealditik euskaraldira” kanpaina (Araban zail samarra izan genuen arren ;D).
Gaur, berriz, etxean gozatzeko moduko proposamen bat dugu. Bertan egotea dagokigun arren, etxealdia hasi aurreko ohiturei guztiz uko egin beharrik ez daukagu. Badira, aisialdiari lotutako zenbait kontu, moldatuta bada ere, etxean egin ditzakegunak.
Horietako bati lotuta dator gaurko proposamena. Asteazkenetan ikuslearen eguna izaten ohi da Euskal Herriko hainbat zinema aretotan. Zinemara joan eta filmeak ikusteko baliatzen du eguna hainbat zinezalek. Orain ezin dugu zinema aretoetara joan, baina ikus ditzagun euskarazko filmeak eta tartea har dezagun ingurukoekin filmeen gainean aritzeko.
Etxealditik Euskaraldira ekimenarekin bat eginez, Goiena telebistak euskarazko bi film emango ditu gaur, eguaztena.
- 16:00etan, Elkano: lehen mundu bira
- 21:00etan, Gartxot.
Tokikomek , EITBk eta Topaguneak aldi berean emango dituzte, EITBri esker. Bi filmak emititzeko proposamenaren oinarria Tokikom, toki komunikabideen bateraguneak, EITBrekin duen akordioa izan da, euskarazko ikus entzunezkoez gozatu eta euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko helburuarekin.