eLiburutegia – liburutegi digitalerako sarbidea erraztu da

Liburu digitalen eta filmen mailegurako plataforma da eLiburutegia. Liburutegi digital hori erabili ahal izateko, EAEko liburutegietan lortu daiteke sarbidea eta eLiburutegiak milaka liburu elektroniko eta film deskargatzeko aukera ematen die herritarrei. Koronabirusak sortutako egoera dela eta, Kultura Sailak sarbidea erraztu die herritar guztiei. Email bat bidaltzea nahikoa da erabiltzailea eta pasahitza lortzeko.

efilm eliburutegia

Atzo argitaratutako prentsa-ohar baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi zuen herritar guztiei sarbidea erraztuko dietela eLiburutegia erabili ahal dezaten. Joan zen astean liburutegietako maileguak bikoiztu egin ziren, eta hazkunde nabarmen horren ondorioz, eta ikusirik liburutegiak itxi egin behar izan direla, Kultura Sailak erabaki du sarbidea erraztea eta eskatzen duen orori pasahitza ematea. Horretarako nahikoa da liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikora idaztea, norbere datuak emanez eta eskaera eginez.

eLiburutegian sartzeko pasahitzik ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek helbide horren bidez eskatu ahal izango dute; bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide ez direnek aukera izango dute helbide horren bidez bazkide egiteko eta, ondorioz, eLiburutegian sartzeko.

Horrela, eliburutegia.euskadi.eus helbidean sartuta, Euskadiko Irakurketa Publikoko sareko liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke. Filmen katalogoa beste helbide honetan aurkitu dezakezue, eFilm izenarekin: https://eliburutegia.efilm.info/eu/eliburutegia.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi duenaren arabera, helbide elektroniko horrek aldi baterako eskainiko du aukera hori, egoera normalizatu arte. Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegi publikoetan egin beharko du eskaera, orain arte bezala.

PHOTO-2020-03-18-11-24-59

Aramaioko liburutegia

Edozein modutan, argibide gehiago nahi izanez gero edo arazoak izanez gero, jarri zaitez harremanetan Aramaioko liburutegiarekin:

Telefonoa: 945445374           Email: kulturetxea@aramaio.eus 

Egun hauetan, ateak itxita dituen arren, Olga Jauregi liburuzaina lanean ari da ordutegi flexibean. Beraz, ahal den neurrian erantzungo ditu deiak eta mezuak.

Albiste gehiago →