Ekaina-uztailean egingo dira SALTO gazteentzako udalekuak

UEMAk antolatuta, udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31 arte.

Aurten ere ibiltaria izango da SALTO eta 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

 


Izena emateko epea gaur zabaldu du UEMAk, eta martxoaren 31 arte izango da zabalik.

Hiru modutara eman daiteke izena:

· Hemen sartuta eta datuak beteta.
· 943 816699 telefonora deituta.
· Datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita.

Albiste gehiago →