«Bultza euskaltegiak bultza euskara» ekimenarekin bat eginez

AEKk, Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamika abiatu du Euskal Herrian, Helduen Euskalduntzearen garrantzia plazaratzeko eta normalizazioa aldarrikatzeko. Ekimen honen barruan, ekintza ugari egingo da datorren igandean, martxoak 28, herriz herri banatuta. Aramaion ez da ekintzarik egingo eta Debagoienean Arrasaten izango da bilkura nagusia.

Jakina da 22. Korrikan  jarraituko dugula hau guztia lantzen; baina, zoritxarrez, atzeratu behar izan da hurrengo urtera arte, Korrikak eskatzen duen parte hartzea bermatzeko. Aurten, pausoak ematen jarraitzeko, jendartearen babesa ikustarazteko eta aldarrikapena indartzeko, aipatutako bilkura egingo da Arrasaten, igande goizean eguerdiko 12etan, herriko plazan.

Bertan, euskaltzaleak batu eta jai giroan -ordu erdiko ekitaldi xumean-  elkarrekin goxo-goxo egotea da helburua.  Plazan bildu eta egoerak eskatzen dituen neurri guztiak beteta, bertsoez, abestiez, marrazki lanez eta abarrez disfrutatzea da helburua; eta, nola ez,  Euskalduntze-alfabetatze sektorearen normalizazioa aldarrikatuko duen testuarekin bat egitea.

Ekarpen ekonomikoa jasotzeko kanpaina

Horrekin batera, gainera, Korrika atzeratzeak eragin duen zuloa betetzeko aukera ere zabaldu nahi diegu euskal herritarrei.  Ekarpen ekonomikoa egiteko kanpaina  martxan dugu dagoeneko, AEKren webgunean, finantzazioa eskatu beharrak ekarri duen zorpetzeari aurre egiten laguntzeko.

Beraz, dei berezia egiten zaie herritarrei eta herrietako eragile nagusiei, ahal den neurrian AEKren aldeko ekarpena egin dezaten, bakoitzak bere neurriko ekarpena:

 

Albiste gehiago →