Bihar Euskararen Nazioarteko Eguna!
Heldu zaigu aurten ere, bihar aldarrikatu eta ospatuko dugu Euskararen Eguna. Ezagutzatik erabilerara egin behar dugu jauzia; horixe da aldarrikapena. Eta ibilbide luze honetan lortu ditugunak ospatzeko eguna ere bada! Bizi dugun egoera berezi honetan, ez dadila funtsezkorik ezer atzean geratu, ezta euskara ere!!
Egitaraua
Aramaion, atzo hasi ziren ekintzak Jolas Molaz tailerrarekin. Ludotekan egin zen eta gustora ibili ziren herriko neska-mutikoak mahai joko berriak ezagutu eta elkarrekin jolasten.
Ekintzek datorren astean jarraituko dute, abenduaren 9an Amets Arzallusek egingo duen «Miñan» liburuaren aurkezpenarekin.
Eta gero, azken urteotan arrakastatsu izan den Bikoizketa Lehiaketa izango dugu, abenduaren 17an. Eta amaitzeko, antzerki emanaldia eskainiko da abenduaren 19an, «Eta kittorik ez!» lanarekin.
Eskolan, euskara suspertuz!
Eskolan be egitaraua prestatu dute eta fin ari dira leloak asmatu eta pankartak egiten, abestiak eta koreografiak prestatzen… Bihar, Euskararen eguna ospatzeko kalera irtengo dira eta Alaiak jubilatuen taldearekin batera, Eguneko zentrora joango dira abestera. Eta berdin egingo dute herriko plazan eta herriko kaleetan.
Gainera, eguna borobiltzeko 15:30etan elkarrekin abestu eta dantzatuko dute bereziki prestatu duten koreografia.