«Begiz jotako koplak» liburua aurkeztuko da barikuan

Sastiñako festibalaren barruan egingo da aurkezpen ekitaldia, ostiralean (irailak 20) arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Alex Mendikute eta Manex Agirrek landu dute liburua eta beraiek egingo dute aurkezpena ere. Aurrerapen modura, hona hemen kontatu digutena:

Liburuak 100 argazki inguru ditu. Alex Mendikutek 2010 eta 2017 artean ateratakoak. Denak dira Aramaion ateratakoak, eta denetan ageri dira herritarrak; batzuetan bakarka, beste batzuetan lagunduta edo taldean… Denak zuri-beltzean. Argazki ederrak dira, benetan. Manex Agirrek, berriz, argazki horietako bakoitzari bertso bat jarri dio, kasuan kasu neurri ezberdinekoa.

Uztartzeko moduak lan apur bat eskatu du: bertsoak idazterako orduan, distantzia jartzea garrantzitsua izan da. Horren ondorioz, pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak.

Beraz, liburuak bi «irakurraldi» merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute.

Liburuaren ideia Alexena da. Aipatutako urte tartean ateratako argazki kopuru itzela hartu, eta bien artean aukeraketa bat egin zuten, hainbat irizpideren arabera (bertsoak jartzeko egokiak diren ala ez erabakitzea, irudien arteko oreka zaintzea, bertan agertzen diren herritarrak ez errepikatzea…). Gero, aukeratutako argazkietako protagonistei baimena eskatu, eta bertsoak sortzeko prozesua hasi zen.  Argazki bakoitzari ideia bat «lapurtu», garatu, osatu…

Aramaioko edonori zuzenduta. Liburua oso oso lokala da: argazkietan agertzen direnak ezagutzen dituenak gozatuko du gehien. Hala ere, herritik kanpora ere interes apur bat badu, beso zabalik hartuko dugu…

Saldu egingo da, 20 eurotan. Printzipioz, irailaren 20ko aurkezpenean egongo da erosteko aukera, eta gero pentsatuko da gainerakoak non saltzen jarri.

Albiste gehiago →