Basolanak egingo dira urtea bukatu bitartean
Urtero udalak basolan ezberdinak egiten ditu udal baso eta pistetan. Aurten pista batzuetan konponketa txiki batzuk egin dira, baina orain Foru Aldundian (AFA) eskatu diren diru laguntzen ebazpenak jakinda hemendik eta urte bukaera arte lan hauek egitea aurreikusten da:
- Muru, Asensio, San Adrian eta Lurgorriko basoetan ilarak garbitzea: zuhaitzen zikloek horrela eskatuta, azken urtetan birlandatu diren sail publiko hauetan sastrakak kentzea egin behar da arbolak aurrera jarraitzeko espazioa emateko eta aurrera egin ez duten arbolak berriztu. Lan honek 7.630€ko aurrekontua dauka, BEITIA NATURLANAK S.L enpresari esleitu zaio eta martxan dira lanak.
- Sieta eta Durakogainen sastrakak kentzea, inausketak eta argitzeak: bi udal sail hauek aurretik aipatutako sailak baino zaharragoak dira eta lan hauek egin behar zaizkie mantentze eta hobetzeko. 14.900€ko aurrekontua dauka lan honek eta BEITIA NATURLANAK S.L enpresari esleitu zaio eta martxan da hau ere.
(Bi lan hauetarako AFAk 9.551,35€ko diru laguntza ebatsi dio udalari.)
- Mendiolatik Lurgorrira doan pistaren konponketa: aurten AFAtik 15.415,20€ diru-laguntza jasoko da eta 23.500€ inguruko gastu bat aurreikusten da. Lan hau oraindik ez dago lotuta, baso batzuk bertatik agian aterako direlako. Baina urtea bukatu aurretik lotu eta egingo da lan hau.
- Gantzagan errota inguruan paso kanadiar bat jartzea: lan hau oraindik ez da esleitu, Lurgorriko pistaren kasuan bezala, egurra ateratzen dabitzelako inguruan, baina urtea bukatu aurretik esleitu eta egingo da. 4.235€ko aurrekontua dauka lanak eta AFAtik 2.450€ko diru laguntza jasoko da.
Datorren urtera begira be, diru laguntzak jaso ditu udalak: Ametzun bota zen basoaren landaketa egiteko, itxidura batzuk kentzeko zuhaitzak ondo hasita dauden San Adrian inguruko udal baso batzuetan.
Eta diru laguntzetatik aparte, ahal den heinean lantxo batzuk egin dira eta egiten ari dira beti bezala, batez ere pista konponketetan; sastraka kentzeak, urak ondo hartzea,…
Aurten ere aurreikusten da mendi publikoen kudeaketa plan berria aurkeztu, eztabaidatu eta onartzea. Eta horretaz gain, Teilamendi magalean dauden udal baso batzuk ere lehiaketara atera nahi dira, banda marroiarekin guztia alperrik galtzeko arriskua ikusten delako.