Jaio berriei ongietorri beroa egin zaie!
Astelehenean eman zitzaien ongietorria azken urte honetan jaio diren umeei. Eguraldiak ez zuenez lagundu, frontoi barruan egin zen ekitaldia.
Hasteko, herriko dantzariek egin zieten agurra ume eta familiei. Ondoren, lora bana oparitu zitzaien. Aurten 10 umek eta beraien familiek jaso dute ongietorria: Xan, Intza, Enai, Xuhar, Libe, Hodei, Rahmani, Aiur, Nahikari eta Ametz.
Honako bertso honekin eman zitzaien ongietorria:
Uztailetik uztailera
aurrera doa denbora
horren adibide dugu
aurtengo uzta oparoa
Xan, Intza, Enai, Xuhar, Libe
Hodei hor dago, gustora
Rahmani, Aiur, Nahikari, Ametz,
bizitzaren erritmora.
Hain goxoak, hain maiteak
jaso zaituztete altzora
zalantza barik paisaia
bihurtu duzue ederragoa
bizitza beraren ikur
jaioberri denak, gora!
zuen begirada horiek
aberastu dute agora.
Asma ezazue nor izan
ze fauna eta ze flora.
Ongi etorri gure herrira,
ongi etorri Aramaixora!
Egilea: Oihana Ameskua
Ondoren, ekitaldia borobiltzeko, Tio Teronen semeak taldearen emanaldia egon zen.
Egoera bereziak agindu bezala, segurtasun neurriak mantendu ziren uneoro.
Ekitaldian eginiko argazki guztiak: