«Arnasa Gara» ekimena Aramaiora be iritsiko da

Aurkezpena Azpeitian egin da eta beste ordezkariekin batera, Lierni Altuna alkatea be izan da.

Aurkezpena Azpeitian egin da eta beste ordezkariekin batera, Lierni Altuna alkatea be izan da.

Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmenduko du Arnasa Gara kanpainak, herritarrek horren kontzientzia hartzeko. 22 udalerrietan egingo dira ekitaldiak eta horien artean dago Aramaio ere.

UEMA eta 3ko Ituna (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa) dira kanpainaren sustatzaile nagusiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartuko duten 22 udalerriekin batera.

Aste honetatik aurrera, 22 udalerritan egingo dira kanpaina aurkezteko ekitaldi herrikoiak:

  • Araba: Aramaio. Azaroaren 29an.
  • Behe Nafarroa: Baigorri.
  • Bizkaia: Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanuri.
  • Gipuzkoa: Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerain.
  • Nafarroa: Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesaka

 

Arnasguneen errealitatea eta garrantzia

Arnasguneak zein diren adierazteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 ingurukoa dutenak sartzen dira multzo horretan. Arnasguneetan honako ezaugarri hauek betetzen dira:

  • Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan.
  • Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza. Bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dute euskera, azken batean, arnasguneetan euskaraz egitea da arau soziala.
  • Lurgune euskaldunean euskararen indize altuenak dituzten herriak biztanle gutxi dituzten herriak izan ohi dira, oro har. Aldaketa sozioekonomikoek eta demografikoek eragin zuzena izan ohi dute arnasguneetan, eta erraza da errealitate soziolinguistikoan eragitea, horregatik hauskortasunaz hitz egiten da arnasguneen izaera azaltzean.

Soziolinguisten arabera, arnasguneak bereziki garrantzitsuak dira euskara indarberritzeko prozesuan honako arrazoiengatik:

  • Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan.
  • Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz.
  • Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute.

Arnasguneen kontzeptuaz gain, ‘udalerri edo herri euskaldun’ kontzeptua ere erabili ohi da. Herri euskaldunek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte arnasguneekin, baina ez guztiak. Euskararen ezagutza eta erabilera altua izaten da horietan ere, baina atzerago egoten dira. Proiektu honetan parte hartuko duten herri ia guztiak arnasguneak dira, baina baten bat ‘herri euskaldun’-en tipologian sar liteke.

Kanpainaren osagarriak
Komunikazio kanpaina, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta ‘Kartzela’ webseriea izango dira kanpainaren baliabide nagusiak.

Zer da Arnasa Gara? Bideo honetan azaltzen da labur-labur ekimena:

Albiste gehiago →