Aramaion be, ETXEALDITIK EUSKARALDIRA (lehen ariketa)
Konfinamenduan gaude. Denok dakigu hori… Baina Euskaraldiak ez du etenik. Ezta Gorbeialdean ere!
ETXEALDITIK EUSKARALDIRA kanpainari oihartzuna ematera gatoz. Hona hemen:
Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.
Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Horregatik, proposamena dugu zuentzako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?
Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.
Animatu eta parte hartu!
Lehen ariketa
Has gaitezen ariketa bat egiten! Pentsatu al duzu inoiz zer hizkuntzatan aritzen zaren zure ingurukoekin? Senideekin, lagunekin, egunero hitz egiten duzun lankidearekin…. Zein hizkuntza erabiltzen duzue elkarrekin hitz egiten duzuenean? Eta hainbat batera elkartzen zaretenean?
Ariketa erraz bat egingo dugu, paper edo kartulina batean egiteko modukoa. Pentsatu, idatzi eta erabaki zein harremanetan egin nahi duzun hizkuntza aldaketa eta zeintzutan finkatu nahi duzun euskarazko harremana. Helburu horiek jartzea lagungarria izango zaizu ingurukoekin gaiari buruz hitz egin eta aldaketak elkarrekin egiteko.
Ariketa bukatzerakoan, partekatzeko hainbat bide dituzu: euskara@gorbeialdea.eus helbidera bidalita, edo sare sozialetara igota, @euskaraldia aipatu eta @EtxealditikEuskaraldira etiketa erabilita!