Aramaioko udalak kezka adierazi du herriko osasun zerbitzua dela eta

Aramaioko Udalbatzak bere kezka adierazi nahi du Aramaion Osasuneko lehen mailako arreta zerbitzuarekin gertatzen ari denagatik.

  • Gure udalerriari mediku bat eta erizain bat jornada osoan dagokio legez, baina mediku titularrak baja hartu zuenetik ez dugu izan jornada osoan medikurik. Medikua izan dugunean jornada erdian izan da eta kasu askotan hori ere ez.
  • Inork ez dio Udalari jakinarazi, eta guk dakigula publikoki ez da esan baina orain lehen arreta hori telefonikoa da. Hori murrizketa bat da eta ezinegon handia sortzen ari da gaixoen artean, zeresanik ez pertsona nagusien artean.
  • Gainera, ez dakigu jornada osoan medikurik ez dugulako edo zein den arrazoia, baina medikuak gutxienez 2-3 egunetara deitzen dizu kontsulta telefonikoa egiteko. Horrek ekarri du jende asko minez egotea inongo erantzunik jaso gabe, eta kasu batzuetan ezinagatik larrialdietara jo edo kontsultara joatea zitarik gabe, ezin izan dutelako gehiago minarekin.
  • Azken hilabetean beste pertsona askok, kostata aurrez aurreko kontsulta lortu dutenean, anbulatoriora joan eta medikua ez dagoela ikusi dute, abisurik jaso gabe, eta berriro ere direnak eta ez direnak egin behar izan dute txanda lortzeko. Hau da, ziurgabetasun handiarekin, bertaratu arte ezin da jakin medikua izango den ala ez.

Ulertzen dugu, pandemia egoeran gaudela, eta egoera zaila dela baina jasaten ari garen murrizketa hauek eta komunikazio eta informazio falta honek egoera okertzen ari du gure udalerrian.

Aramaioko Udalak hasieratik bere kolaborazio osoa eskaini die bertako mediku eta erizainari eta orain ere, beraiekin harreman zuzena izan nahian dabil egoera ez okertzeko gehiago.

Hala ere, ezinbestekoa ikusten du jendea informatuta eta ondo artatuta izatea, nahasmenak ezinegona areagotzen duelako beti eta, Koronabirusaz aparte, beste hamaika gaixotasun eta eritasun existitzen jarraitzen dutelako.

Hori dela eta, gure udalerriko anbulatorioren ardura duen OSI DEBAGOIENA OSPITALAri eta honen ardura duen EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILAri honakoak eskatzen dizkio:

  1. Legeak ezartzen dituen ratioak errespetatuz mediku bat jornada osoan jartzea berriro gure udalerrian.
  2. Osasun Sailaren irizpide berriak zeintzuk diren jakitea eta telefonoz lehen arreta nola ezarri den, zein den egin den sistema aldaketa, idatziz jakinaraztea.
  3. Arreta sistema aldatu bada, telefonoz jendea artatzen behar den gehinezko denbora zein den jakitea. Eta murrizketa honek sortzen dituen hutsuneak nola beteko diren jakitea.
  4. Medikua edo erizaina ez baldin bada egon behar azken momentuko arrazoiengatik, txanda hartuta daukan jendea abisatzea eta ahalik eta azkarren beste txanda bat ematea.
  5. Udalak bertako anbulatorioan ematen diren murrizketa, aldaketa edota moldaketen informazio zuzena izatea, herritarrak ere informatuak mantendu ahal izateko.

Egoera latza da eta elkarlanean ibili beharrean egiten ari zareten kudeaketa honek nahasmen eta ezinegon handia sortzen ari da herritarren artean. Udal honek elkarlana eskaintzen dizue, hori delako bidea egoera latzetatik ateratzeko baina horretarako ezinbestekoa da informazio zuzena izatea eta herritarrei gutxieneko errespetua adieraztea.

Gure egoera aztertu, ulertu eta gehiago ez okertzeko medioak jarri eta gurekin komunikazio zuzena izateko eskaera egitea ezinbesteko zaigu aramaioarren eskubide eta osasunagatik.

 

 

Albiste gehiago